Gaur erabakiko da Domusa Teknik ISBk mailari eutsiko dion

Nerea Uranga 2023ko api. 8a, 10:16
Domusa Teknik ISB taldea. (Mikel Amenabar)

Challenge Ligako denboraldiko azkenengo jardunaldia jokatuko du gaur Domusa Teknik ISBk Real Canoeren kontra, Madrilen. 19:00etan da partida. "Galduta maila mantendu dezakegu, eta irabazita maila galdu. Hala ere, beti hobe irabaztea. Dena ematera aterako gara gu", azaldu du Joseba Lizarralde entrenatzaileak.

Autobusean, Madrilera bidean izango dira Domusa Teknik ISBko taldekideak. Gaur, zapatua, goizean goiz abiatu dira, bidean Burgosen bazkalduko dute, eta behin Madrilera iritsitakoan, "dena ematera". Hala esan du Joseba Lizarralde Iraurgiko emakumeen talde nagusiaren entrenatzaileak. Madrilen, 19:00etan, Real Canoeren kontra jokatuko du Domusa Teknik ISBk.

Denboraldiko azkenengo jardunaldia jokatuko dute gaur emakumeen Challenge Ligako taldeek, eta gaur erabakiko da Cordobarekin batera zein talde jaitsiko den Bigarren Mailara. Lau talderen artean dago jokoa: Domusa Teknik ISB taldea da bat. Hala azaldu du egoera Lizarraldek: "Valentziako Picken Claret eta Bartzelonako Lima Horta taldeen arteko gaurko neurketan zer gertatzen den kontuan hartu beharko da. Maila galtzeko arrisku handiena Picken eta gure artean dago, Pickenek eta guk irabazi arren, Melillak –Joventuten kontra jokatuko du– galduko balu ere ikusi egin behar; kasu horretan, lau talde egongo ginateke hamar partida irabazita. Melillak irabazita eta guk irabazita nahikoa litzateke, eta Pickenek, guri aldea ateratzeko, zazpi puntuko aldearekin irabazi beharko luke Lima Hortaren aurka. Beraz, galduta maila mantendu dezakegu, eta irabazita maila galdu. Dena den, guk irabazita hobe, beti ere aukera gehiago izango ditugulako mailari eusteko".

Taldearen lana goraipatuz

Lizarraldek uste du merezi duela Domusa Teknik ISB taldeak Challenge Ligan jarraitzea beste urte batez: "Irabazteko asmoarekin goaz, eta egin dugun denboraldiko bigarren itzuliarekin merezi dugu mailari eustea. Liga gogorra izan da, talde oso onak daudelako". Taldeko jokalariek egindako lana txalotu gabe ere ez du gelditu nahi entrenatzaileak: "Emaitzak ez dit baldintzatuko denboraldian neskek egindako lana eta esfortzua goraipatzea. Garaipenaren bila joango gara. Dena ematera aterako gara kantxara, eta ea irribartsu bukatzen dugun gaurko jardunaldia". Denboraldian zehar Azkoitiko kiroldegiko harmailetan izan dituzten zaletuen "babesa" ere eskertu du Lizarraldek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide