Ostegun Santu Egunez, bisita gidatuak egin dituzte parrokian

Nerea Uranga 2023ko api. 6a, 12:21

Bihar, ostirala, egingo dituzten bi prozesioetan aterako dituzten irudien edota pausoen historia, ezaugarriak eta zer irudikatzen duten ezagutzeko aukera izan dute gaur eguerdi artean parrokian egin dituzten bi bisita gidatuetan. Prozesioak egin bitartean, irudiak erakusgai edukiko dituzte parrokian.

Gaur, Ostegun Santu egunez, Aste Santuko ekitaldiekin jarraitu dute Azkoitian. Eguerdira bitartean, biharko bi prozesioetan aterako dituzten pausoen nondik norakoak ezagutzeko parada izan da gaztetxoentzat nahiz helduentzat egin dituzten bi bisita gidatuetan. Juan Bautista Mendizabal historialariak eta Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak gidatu dituzte bisitak.

Prozesioan aterako dituzten irudiak prestatzen astelehenean hasi ziren Azkoitiko Parrokiako hainbat boluntario, eta atzo, arratsaldeko zortzietako kanpaiekin batera, lekualdatu zituzten Santa Klarako komentutik parrokiara. Irudiak ikusgai egongo dira nahi duten herritarrentzako gaur 19:00ak artean; ordu horretan izango baita Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian bertan.

Egitaraua

Apirilak 6. Ostegun Santua:

  • 17:00etan, meza, Santa Klara elizan, gaztelaniaz.
  • 19:00etan, Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian, euskaraz.
  • 21:00etan, otoitzaldia: Gau Gurtza.

Apirilak 7. Ostiral Santua.

  • 09:00etan, parrokia irekiko da gogoetarako eta bisitarako.
  • 11:00etan, Gurutze Bidea.
  • 16:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 17:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna euskaraz, parrokian, eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30ean, Hilobirako Prozesio Santua.

Apirilak 8, larunbata. Pazko Bezpera.

  • 21:00etan, Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

Apirilak 9, igandea. Pazko Igandea.

  • 11:00etan, Pazko meza nagusia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide