Saretzen

Saqib Muhammad: "Etxea erosi berri dut Azkoitian, eta ez daukat hemendik inora joateko asmorik"

Aitziber Arzallus 2023ko api. 5a, 08:50
Saqib Muhammad. (Utzitakoa)

Duela dozena bat urte iritsi zen Azkoitira, eta hasierako urteak nahiko egoera ezegonkorrean igaro zituela aitortu duen arren, dagoeneko egin du bere lekua. Emaztearekin eta seme-alabekin bizi da, etxea erosi berri du, eta eraikuntza sektoreko enpresa baten jabe da. 

Saqib Muhammad pakistandarra da, baina Azkoitian bizi da 2011tik. 26 urte zituen iritsi zenean, 38 ditu orain. "Ez nintzen Pakistandik Azkoitira zuzenean etorri. Greziara joan nintzen aurrena, eta han urte batzuk egin eta gero erabaki nuen hona etortzea". Aldaketa handia izan zela dio, baina hasieratik gustatu zitzaiola Azkoitia. "Jendea oso atsegina iruditu zitzaidan eta herria ere bai, horregatik erabaki nuen gelditzea".

Hasieran, bizileku baimenik ez zeukanez, nekazaritza sektorean egin behar izan nuen lan, eta horrez gain, ateratzen zitzaizkion bestelako lantxoak ere egiten zituen. "Egoera nahiko ezegonkorrean igaro nituen hasierako urte haiek, egun batzuetan lana izaten nuelako, baina beste batzuetan ez. Hala ere, nola edo hala, aurrera egitea lortu nuen".

Urtebetera, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu zuen, eta Azkoitian hiru urte egin zituenean, egoitza baimena eskatu zuen. "Horrek lanpostu egonkorragoetara sarbidea eman nuen. Nekazaritza sektoreko lanetan ere jardun naiz harrezkero, baina baita fabriketan ere".

Duela bizpahiru urtetik, berriz, enpresa propioa dauka, eta langile dezente ditu kontratupean. "Eraikuntza sektoreko enpresa da eta etxebizitzen erreformak lanak egiten aritzen gara, etxaurreak zaharberritzen, igogailuak jartzen eta abar". Lana gogor egin behar izan duen arren, gustura dagoela aitortu du. "Oso pozik nago, lan asko baitaukagu, eta langile gehiagoren beharrean gabiltza. Lanbiden iragarkia jarri berri dut jendea behar dugulako".

Azkoitira egokitzeko arazorik ez zuela izan dio Muhammadek. "Pakistandar ugari bizi da herrian eta hori lagungarria da, baina bertako jendearekin ere badaukat harremana. Baditut kafea hartzeko eta hitz egiteko gelditzen naizen lagun azkoitiarrak". Hala ere, cricketa da bere zaletasun handiena, eta horretan, pakistandarrekin aritzen da. "Hemengo jendeari ez zaio cricketa interesatzen; beraz, cricketean jokatzeko gelditzen garenean, elkartzen garen guztiak pakistandarrak izaten gara".

Azkoitian sustraitu da

Lagunez gain, familiako hainbat kide ere hurbil ditu, bere bide bera egin dutelako. "Ni izan nintzen etortzen aurrena, baina, denborarekin familiako gehiago etorri dira Azkoitira. Gaur egun, nirekin ditut emaztea eta seme-alabak, eta hiru anaia ere herrian bizi dira. Beste bat, berriz, Agurainen (Araba) bizi da, hango lantegi batean egiten baitu lana".

Muhammadek ez du Pakistanera bizitzera itzultzeko asmorik. "Etxea erosi berri dut Azkoitian, eta ez daukat hemendik inora joateko asmorik; gustura bizi naiz hemen". Sorterrira urtero joaten direla esan du oporraldia pasatzera, eta horretan jarraitzeko asmoa daukatela, hango familiaren hutsunea sumatzen dutelako. "Baina, gainontzean, han baino askoz hobeto bizi gara. Egia da han ere gauzak aldatzen ari direla eta lehen baino askatasun handiagoa dagoela, batez ere emakumeentzat, baina herrialdearen egoera ez da horren ona, politikariak lapur hutsak baitira".

Azkoitian bizi diren pakistandarren artean gizonezkoen kopurua emakumeena baino askoz handiago izatearen arrazoiez galdetuta, emakumeei sorterria uztea gehiago kostatzen zaiela adierazi du. "Emakume pakistandar gehienek ez dute ikasketarik, ez dute espainieraz hitz egiten, eta, gainera, Azkoitiko pakistandarren komunitatea ez da handia. Horregatik, errazagoa egiten zaie beste toki batzuetara joatea, Azkoitira etortzea baino. Bartzelonan, esaterako, badira emakume pakistandarrak taxi gidari moduan aritzen direnak lanean, eta negozio propioak zabaldu dituztenak ere asko dira: era guztietako dendak, bidaia agentziak… Nik uste, denborarekin, etorriko direla gehiago, eta joango direla euren tokia egiten".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide