Azkoitiko Udalak "irmoki" salatu du adin txikiko neska bati egindako erasoa

Nerea Uranga 2023ko api. 4a, 14:22

Azkoitiko udaletxea.

"Azkoitiko herriak emakumeen aurkako inolako bortizkeriarik ez du inoiz onartuko", azpimarratu du udalak, eta babesa helarazi dio erasoa jasan duen neskari. Erasoa salatzeko deitutako ekintzekin bat egingo duela azaldu du udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "irmoki gaitzetsi" du adin txikikoaren aukako erasoa.

Azkoitiko Udalak joan den astean herrian gertatutako adin txikiko neska baten kontrako erasoa "irmoki" salatu du, eta azpimarratu du Azkoitiko herriak ez duelako "inoiz onartuko emakumeen aurkako inolako bortizkeriarik". Udalak babesa helarazi dio biktimari, eta dituen baliabideak haren eskura jarri dituela azaldu du.

Gaur eguerdian Azkoitiko Udaleko Bozeramaile Batzordea bildu da egoera aztertzeko. "Izan ere, biktima adin txikikoa izanik, udalaren lehen ardura da biktima ez berbiktimizatzea, eta bere zein gurasoen borondatea errespetatzea egoera salatzeko antola daitezkeen ekintzen aurrean", adierazi du erakundeak ohar bidez. "Udalak, nahitaez, biktimaren eta hurbilekoen intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatu behar ditu. Horregatik, adierazpen edo agerraldi publikoak egin aurretik, biktimaren onespena eskatzen du, eta adin txikikoen kasuan, gurasoena", azaldu du.

Erasoa jasandako adin txikiko neskaren familiarekin egon ostean, Azkoitiko Udalak erabaki du bat egitea erasoa salatzeko antola daitezkeen ekintzekin.

Udalak azaldu duenez, erasoa jasan duen biktimak salaketa jarrita du, eta Ertzaintza erasoa ikertzen ari da.

Foru aldundiak ere "irmoki gaitzetsi" du

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzionala kaleratu du joan den astean Azkoitian adin txikiko neska baten aurka egindako erasoa "irmoki gaitzetsiz". Horrez gainera, herritarrei dei egin die gertaera salatzeko deitutako gaitzespen-elkarretaratzeekin bat egitera. Foru erakundeak "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi die erasoaren biktimari, baita haren senideei eta gertukoei ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide