Alots Arregi: "Collagearekin errazago kontatzen dira gauzak"

Ane Olaizola 2023ko mar. 30a, 09:23
Alots Arregi (Ane Olaizola)

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak antolatutako Grafiaz Betea proiektuaren bosgarren saioa eskainiko du Alots Arregik gaur, kartelgintza oinarri hartuta. 18:00etan hasiko da saioa, Dinamoa sormen gunean.

Irudien munduan eskarmentua du Alots Arregi (Azkoitia, 1988) artistak. Diseinu grafikoa oinarri hartuta, kartelgintzan sakonduko du hark gaur, Azpeitian.

Zein da tailerraren muina?

Tailerraren asmoa da, batetik, kartelgintzan egin dudan ibilbidea azaltzea. Besteak beste, kartelak egiten zer dela-eta hasi nintzen kontatuko dut, baita zer-nolako lanak egiten ditudan ere. Bestetik, lana egiteko moduaz gain, nire erreferenteak zeintzuk diren azalduko dut. Zentzu horretan, nahiko tailer pertsonala izango da, nire ikuspegitik jardungo dudalako hizketan. 

Kartelen ezaugarriak hizpide izango dituzu. Zein dira kartelak egiteko gakoak?

Pertsonala da hori. Nik, batez ere, kontzertuetako kartelak egiten ditut, eta halakoetan, lanean hasi aurretik, oholtzaren gainean izango den musika taldea entzuten dut. Taldeak eta haren musikak iradokitzen dizkidaten ideiak zein taldearen edo kantuen izenak oinarri hartuta, zerbait sortzen saiatzen naiz. Talde bakoitzarekin desberdina izaten da emaitza, baita iradoki nahi dudana ere. 

Kontzertuetako kartelak izango dituzu, beraz, oinarri?

Ikuspegi orokorra emango dut. Kartela, testua eta irudia dituen euskarri bat izanda, horretan sakonduko dut. Hitzaren eta irudiaren arteko harremanaz arituko naiz, batez ere. 

Kartelgintzan, non dago irudiaren eta hitzaren arteko oreka?

Batzuetan, saiatzen naiz hitzak irudi bezala funtziona dezan; beste batzuetan, testua eta irudia zeharo banatu daitezke, bien arteko kontrastea eginez. Egilea bilatzen ari den emaitzaren arabera, desberdina izan daiteke bi elementuen oreka. Hark buruan duen ideia garatzea da gakoa.

Parte hartzaileek kartelgintzaren aparteko ezagutzarik izan behar al dute?

Tailerra edozeinentzat da irekia; nahikoa da interesa izatea. Saioan azalduko dut zein den nire lan metodologia, eta horren barruan garatuko dut saioa. Bi zati izango ditu: lehenengoan, nire lan prozesua, zer teknika erabil daitezkeen eta horretarako erreferentziak azalduko ditut; Photoshopa, bereziki. Bigarrengoan, jendea lanean jarriko dut, beraz, gomendagarria da, ahal duenak behintzat, programa hori duen ordenagailua eramatea. Dena den, nik irudi batzuk eramango ditut, eta horiekin collagea egin dezakegu eskuz. Bi moduetarako materiala jarriko dut, eta tailerrera joaten direnak bideratzen joango naiz.
 
Nolako kartelak dituzu atsegin?

Denetarik. Asko inspiratzen naiz filmen karteletan, baina bere garaian ezagutu nituen kartelgile poloniarrek ere asko erakarri izan naute. Batez ere, collagearen teknikara jotzen dut kartelak sortzerakoan. Kartelak egiten hasi nintzenean, irudiak ez nituen neuk sortzen. Gustatzen zitzaizkidan irudiak topatu, eta horiei hitzak gehitzen nizkien. Pixkanaka, ordea, irudiak neu sortzen hasi nintzen, beste bide bat izan zitekeelakoan: hutsetik sortzen ditut irudiak, eta collagearekin errazago kontatzen dira gauzak. Egin behar dudan lanak iradokitzen didan irudiaren bila joaten naiz, eta bide horretatik garatzen dut kartela.

Iradokizunerako bide ematen dizu, beraz, collageak?

Bai. Argazkiak, bere horretan, zerbait kontatzen du. Era berean, hutsetik hasi behar duzu irudia egiten, eta hor beste diskurtso bat sortzen da. Teknika horrek, gainera, aukera ematen dit buruan dudan ideia garatzeko zein lanari bukaera borobila emateko. 

Kartelgintzan zerbaitek egiten al dizu begiko mina?

Gaur egun, joera handia dago kartelak egiterakoan ereduak erabiltzeko, eta hori antzeman egiten da. Programa ugari daude, eta batzuetan nabarmena da egileak zein erabili duen. Halakoetan, irudia sartu eta gutxi gehiago egin behar duzu. Dena den, ez naiz oso kritikoa; gustatzen zaidana gustatzen zait, eta besteari ez diot asko erreparatzen. 

Noiz hasi zinen kartelgintzan?

Matadero Ekintzaken asanbladan sartu nintzenean, aukera eman zidaten hango kontzertuen kartelak egiten hasteko, 16 urterekin edo; esperimentatzeko aukera handia eman dit Matadeixek. Arte Ederrak ikasi nuen gero, baina neure kasa landu dut kartelgintza. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide