Hiru titulazio berri eskainiko ditu Izarraitz Lanbide Heziketak datorren ikasturtean

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 28a, 09:47
Atzoko aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten guztiek taldeko argazkia atera zuten amaieran Izarraitz Lanbide Heziketaren atarian. (Mailo Oiarzabal)

Zurgintzako ziklo bat eta zibersegurtasuneko bi espezializazio gehituko dizkiote ikastetxearen eskaintza akademikoari. Horiek aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean, eskualdeko alkateekin eta ikasketa berriekin lotura duten enpresetako ordezkariekin.

Hiru ikasketa edo titulazio berri gehituko dizkio Izarraitz Lanbide Heziketak bere eskaintza akademikoari 2023-2024 ikasturtean, eta lorpenaren berri emateko eskualdeko erakundeetako eta enpresetako ordezkariak elkartu zituen atzo arratsaldean ikastetxean.

Zura Prozesatzeko eta Eraldatzeko Teknikaria erdi mailako zikloa, eta Informazio Teknologien eta Eragiketa Teknologien zibersegurtasun espezialiazioak dira datorren ikasturtetik aurrera Izarraitzen ematen hasiko diren ikasketa lerro berriak; Zurgintza mintegiaren eskutik eskainiko dute lehendabizikoa, eta Informatika eta Mekatronika mintegien esku egongo dira zibersegurtasunaren arloko bi espezialiazioak.

"Duela hamar eguneko kontua da", esan zuen atzo Eduardo Sudupe ikastetxeko zuzendariak, titulazio berriak ematen hasteko moduan izango direla jakin berriak direla adierazteko. Sudupek gogoratu zuen 2017-2018 ikasturtean ekin zuela bidea Izarraitzek "ikastetxe independente" gisa: sei ziklorekin hasi ziren –erdi mailako lau eta goi mailako bi–, eta atzo aurkeztu zituztenak gehituta, 2023-2024 ikasturtean 11 ziklo eta bi espezialiazio izango ditu Izarraitz Lanbide Heziketaren eskaintzak.

Ikastetxeko lantaldearekin batera "eragile askok egindako lanaren emaitza" izan da, Suduperen hitzetan, Azkoitiko ikastetxearen eskaintza indartzea, eta "zorionak eta eskerrak"eman zizkien eragile horiei guztiei atzoko ekitaldian. Urola Erdiko sei udaletako alkateetako bostek (Javier Zubizarreta Azkoitikoa, Nagore Alkorta Azpeitikoa, Mikel Arregi Zestoakoa, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgoa eta Xebero Agirretxe Errezilgoa) eta hainbat zinegotzik, zein titulazio berriekin lotura duten sektoreetako enpresen ordezkaritza zabalak parte hartu zuten atzoko ekitaldian. Sudupek berak gidatuta hartu zuten hitza Zubizarretak, Alkortak, Mikel Arregik eta Agirretxek, lehendabizi; eta Jaione Badiolak (Astigarraga Kit Line), Koldo Peciñak (Ziur), Nora Amorenak (Ikaslan) eta Begoña Beobidek (Iraurgi Berritzen) ondoren.

Bakoitzak beretik, eta Suduperen galderak erantzunez, erakundeetako zein enpresa eta elkarteetako ordezkariek Lanbide Heziketak gizartearen eta ekonomiaren hainbat beharri erantzuteko duen garrantzia azpimarratu zuten; genero arrakala ere hizpide izan zuten Sudupek berak eta gonbidatuetako batzuk, Lanbide Heziketarena neurri handi batean gizonen esparrua delako oraindik ere, bai ikasle kopuruari dagokionez, bai zikloen aukeraketari dagokionez.

Izarraitz Lanbide Heziketari dagokionez, 2022-2023 ikasturtean 205 ikasle ditu, eta %65 baino gehiago gizonak dira. Irakasleen artean, aldiz, erdi eta erdi dira gizonak eta emakumeak, eta emakumeak gehiago dira ikastetxearen zuzendaritzan. Ikasle gehienak, 142, eskualdeko lau herritakoak dira: 59na azkoitiar eta azpeitiar ari dira bertan ikasturte honetan, hemezortzi dira zestoarrak, eta sei errezildarrak.

Gonbidatuen hitzartzeen ondoren, bi bideo txikiren laburtu zuten eskaintza berriaren aurkezpena; zibersegurtasuneko espezializazioei eskainitako bideoa, gainera, Izarraitzeko Informatika ikasleek egindakoa zela nabarmendu nahi izan zuen Sudupek. Ekitaldia borobiltzeko, ikastetxe atarira irten ziren ikastetxeko kideak eta gonbidatu guztiak. Han zain zituzten kafea eta mokadutxoa, eta arratsaldeko sorpresa ere bai: Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Luis Txapartegi aizkolarien erakustaldia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide