Derbia, denboraldia ebazteko

Andoni Elduaien 2023ko mar. 30a, 08:41
Anaitasunako Unai Aranbarri, Azpeitiko Garmendipen jokatutako joaneko derbian. (Anaitasuna)

Jaitsiera postuetatik zortzi puntura dago egun Azkoitiko Anaitasuna, eta lau puntura Azpeitiko Lagun Onak taldea. Etziko derbia, premiak asetzeko eta izuak uxatzeko lehia izango da. Partida 17:00etan hasiko da, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian.

Etzi, larunbata, derbia jokatuko dute Anaitasunaren eta Lagun Onaken gizonen lehen taldeek Azkoitiko Txerloia futbol zelaian (17:00). Denboraldia amaitzeko lau partidaren faltan, jaitsiera postuak ekiditea dute helburu bi herrietako futbol taldeek. Anaitasuna jaitsiera postuetatik zortzi puntura dago, 31 punturekin, eta lau puntura Lagun Onak.

Hori horrela, premiak asetzeko eta izuei aurre egiteko partida bihurtu da etziko derbia. Anaitasunak garaipen bakarra lortu du martxoan –3 eta 0 irabazi zion Touring taldeari Txerloian, hilaren 4an–. Harrezkero, Deustoren aurkako partida berdindu du, eta galdu Barakaldoren eta Urdulizen aurkako partidak.

Lagun Onaken martxoa ere antzerakoa ari da izaten. Azkoitiarrek baino puntu bat gutxiago batu dute azpeitiarrek azken lau partidetan. Hilaren 4an, 0 eta 4 irabazi zuen San Ignacioren zelaian Azpeitiko taldeak. Ondorengo hiru jardunaldietan ordea, galdu egin dute azpeitiarrek, Pasaia, Portugalete eta Leioa taldeen aurka, hurrenez hurren.

Hori horrela, zapatuko derbia funtsezkoa izango da bi taldeentzat; izan ere, Espainiako Bigarren RFEF mailatik euskal talderen bat jaisten baldin bada, Hirugarren Mailan denboraldia hamalaugarren postuan amaitzen duen taldeak –egun Lagun Onak dagoen postua– maila galduko du. Dena den, Hirugarren Mailako play-off faseko igoeraren batek salbatu dezake sailkapeneko hamalaugarren taldea jaitsieratik. Derbia irabazten duenak irabazi, larunbateko dematik inor garaile irteten bada behintzat, urrats garrantzitsua egingo du mailari eusteko bidean. Gainera, sailkapenean inguruan dituzten taldeen partidak ere gertutik jarraituko dituzte bi taldeek; izan ere, zortzi futbol talde daude zortzi punturen bueltan mailari eusteko borrokan. 

Derbiaren ostean, hiru neurketa besterik ez dituzte izango jokatzeko bi taldeek. Anaitasunak etxetik kanpo jokatuko ditu hiru partidetatik bi: Basconia (kanpoan), Vitoria (etxean) eta San Ignacio (kanpoan). Lagun Onakek, berriz, Azpeitiko Garmendipen jokatuko ditu gelditzen diren hiru lehietatik bi: Padura (etxean), Cultural Durango (kanpoan) eta Aurrera Vitoria (etxean).

Sarrerak eta ordutegia

Larunbateko partida futbol zelaian bertatik bertara jarraitu nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera. Aldiz, Anaitasuna futbol taldeko bazkideek ez dute aparteko gehigarririk ordaindu beharko; bazkideek beti bezala txartela erakustea nahikoa izango dute. Zapatuan, 16:15ean irekiko dituzte futbol zelaira sartzeko ateak.

Bi taldeen egoera

Hona hemen, Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoaren sailkapenaren beheko zatiaren egungo egoera:

  • 8. postuan, Anaitasuna - 31 puntu
  • 9. postuan, Aurrera Ondarroa - 30 puntu
  • 10. postuan, Urduliz - 29 puntu
  • 11. postuan, Padura - 29 puntu
  • 12. postuan, Touring - 29 puntu
  • 13. postuan, Pasaia - 29 puntu
  • 14. postuan, Lagun Onak - 27 puntu
  • 15. postuan, San Ignacio - 23 puntu
  • 16. postuan, Aurrera Vitoria - 9 puntu

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide