Saltokitik Enpresara formazio saioak antolatu dituzte, merkataritzako establezimenduei zuzenduta

Nerea Uranga 2023ko mar. 28a, 08:30

Saltokien kudeaketan eta lehiakortasunean laguntzeko aholkularitza eta formazio saioak dira, eta horietan parte hartzeko izena apirilaren 17rako eman behar da. Iraurgi Berritzenek antolatu du, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta.

Merkataritza jarduera duten establezimenduei zuzendutako Saltokitik Enpresara programa jarri dute martxan aurten ere. Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, programa honen bidez, aplikazio errealekin saltokien kudeaketan eta lehiakortasunean hobekuntzak gehitzeko formazio saioak eskainiko dituzte: "Establezimenduaren argazkia bezeroekiko, lehiakideekiko; merkatua; kudeaketa tresnak (kudeaketa ekonomikoa, erosketak); eta planifikazioa". Programa osorik Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailak finantzatuta dago.

Establezimendu bakoitzarekin banakako zazpi saio egingo dituzte eta taldekako hiru lan saio. Gainera, saio horiek merkatarien establezimenduen ordutegira moldatutakoak izango dira. Programan parte hartu nahi dutenek apirilaren 17ra bitartean dute izena emateko aukera. Horretarako, Iraurgi Berritzenekin jarri beharko dute harremanetan: Herrixen Azkoitiko merkatari elkartera deituta (Sara Rodriguez, 608 31 30 24 telefono zenbakia), Bertan Azpeitiko merkatari elkartera deituta (Xabier Aldalur, 688 82 39 44 telefono zenbakia) edota Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziara deituta (Alazne Larrañaga, 688 71 87 77 telefonoa).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide