Osinalde sariketara sailkatu da Unai Izagirre

Julene Frantzesena 2023ko mar. 26a, 10:32
Atzoko Osinberde sariko irudia. (Martin Aramendi)

Atzo Zaldibian jokatutako Osinberde sarian bigarren eginda eskuratu du azkoitiarrak apirilaren 15ean izango den Osinalde sariketarako txartela. Ikusteko dago zein sei bertsolari ariko diren sariketa horretan.

Osinalde sariketarako bigarren kanporaketa izan zen atzo, zapatua, Zaldibiako Osinberde elkartean, eta han izan zen kantuan Unai Izagirre azkoitiarra. Osinberde saria izan zen atzo jokoan, eta Xabat Illarregik irabazi zuen. Dena den, Izagirre ere fin aritu zen, eta Osinalde sariketarako txartela eskuratu zuen bigarren sailkatuta.

Osinalde sariketarako hiru kanporaketa izan ohi dira. Aurrena aurreko astean jokatu zuten: Argi Berri saria Ordizian. Saio hura Lander Arizmendi ordiziarrak irabazi zuen, eta Oihana Arana eskoriatzarra, berriz, bigarren sailkatu zen. Bi bertsolariek lortu zuten Osinalderako txartela.

Atzokoa izan zen bigarren kanporaketa, eta hirugarrena eta azkena datorren asteburuan izango da. Hain zuzen ere, Aztiri Bat saria Gabirian izango da. Saio horretatik ere bi bertsolari sailkatuko dira apirilaren 15ean izango den Osinalde sariketara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide