Giro bikainean jokatu dituzte Atano III.a buruz buruko pilota txapelketako finalak

Julene Frantzesena 2023ko mar. 25a, 14:07

Txapelketaren 48. edizoko finalak izan dira gaur, 10:00etan hasita, Gurea pilotalekuan. Sei final jokatu dituzte haurrek eta gaztetxoek, eta partida horiekin bukatu da urtarriletik martxan zen txapelketa.

Jokatzeko gogoa eta urduritasuna. Gaur goizean bi sentipen horiek izan dituzte Atano III. buruz buruko pilota txapelketako finalak jokatu behar zituzten haurrek eta gaztetxoek, baina giro ederra izan da nagusi goiz partean Gurea pilotalekuan.

10:00etan hasita, mailaz maila jokatu dituzte finalak Oteiza pilota elkarteko kirolariek. Lehenik, aurre benjaminetako norgehiagoka jokatu dute Julen Oteizak eta Haize Aramendik, eta Oteiza nagusitu da 16 eta 10. Ondoren, benjaminen txanda izan da, eta Eneko Martijak eta Lur Juaristik 16 eta 8 egin dute. Haien atzetik benjaminen bigarren urteko pilotariak izan dira parez pare; Oihan Mendizabal 16 eta 9 nagusitu da Ian Juaristiren kontra.

Kimuen lehen mailakoen txanda izan da segidan, eta 7 eta 16 bukatu da Ekain Juaristiren eta Julen Azpiazuren arteko neurketa. Gero, berriz, kimuen bigarren mailako pilotariak aritu dira nor baino nor: Ibai Etxeberriak 15 tanto egin ditu, eta Unax Oteizak, berriz, 16 tanto. Infantilen mailako izan da gaurko azken finala, eta Pello Alkorta 18 eta 16 gailendu da Erik Ariztegiren aurka.

Hainbat haurrek eta gaztetxok parte hartu dute aurten Atano III.a txapelketaren 48. edizioan. Hain zuzen, urtarrilaz geroztik astero jokatu dituzte partidak horiek, eta gaur bukatu da lehia, finalekin.

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Oteiza pilota elkartea)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide