Erosketa bonu kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek eman dezakete izena

Ane Olaizola 2023ko mar. 24a, 15:11

Herritarrak, erosketa bonuak eskuratzen, 2021ean.

Guztira, 666 erosketa bonu jarriko dituzte salgai datorren apirilaren 17an, eta han parte hartu nahi duten establezimenduek apirilaren 18ra bitartean dute izena emateko aukera, udaletxean.

Herrixen merkatari elkarteak eta Azkoitiko Udalak 666 erosketa bonu jarriko dituzte salgai datorren apirilaren 17an, eta kanpaina horretan parte hartu nahi duten saltokiek dagoeneko eman dezakete izena. Udalak azaldu duenez, txikizkako merkataritzako eta ostalaritzako establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute egitasmoan, baita zerbitzuen sektoreak ere. Horiek guztiek udaletxean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, eman dezakete izena hilaren 18ra artean.

Apirilaren 17an, online jarriko dituzte salgai bonuak, eta apirilaren 24an aurrez aurre erosteko aukera izango da, Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artean. Guztietatik 200 Internetez erosi ahal izango dira, eta gainontzeko 466ak aurrez aurre saltzeko gordeko dituzte.

Ohi bezala, bonua erosten dutenek %50eko deskontua izango dute. Izan ere, bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta balioa, berriz, 60 eurokoa. Herritarrek maiatzaren 31ra arte izango dute bonuak erabiltzeko aukera.

Bonu bakoitzak 10 euroko balioa izango duten sei txartel izango ditu, eta koloreka banatuko dituzte, saltokiak bereizteko asmoz. "Bonuak txarteletan banatzearen arrazoia da udalaren laguntza establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea, gastuak sektore edo saltoki mota bakar batean kontzentratzea saihestuz eta laguntza ahalik eta txikizkako negozio gehienetara iristea ahalbidetuz".

Txartelak, kolorearen arabera, honako saltoki hauetan trukatu ahal izango dira:

• Arrosa: elikadura, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak, edari-dendak eta
baserrietako produktuak (azoka).
• Laranja: okindegiak, kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak eta gozoki
dendak.
• Berdea: moda, oinetakoak, osagarria, kirol dendak, mertzeria eta bitxiak.
• Urdina: ile-apainketa, estetika, masajea, dentista, podologia, optika, farmazia,
parafarmazia, lurrin-denda, drogeria eta belar-dendak.
• Morea: zerbitzuen sektorea, inprentak, paper-dendak, bidaiak, aholkularitzak,
gasolindegia, loradenda, iturginak, beirateria, dekorazioa, burdindegia,
etxetresna elektrikoak, estankoak, tindategia, informatika, pentsuak,
autoeskola, aseguru-etxeak eta argazki-dendak.
• Horia: Orokorra, establezimendu guztietan erabili ahal izango da.