Gaiako bilketari buruzko informazio gunea jarriko dute plazan, bi egunez

Ane Olaizola 2023ko mar. 24a, 08:00

Birziklatzea erraza da! kanpaina egingo dute bihar eta ostegunean, herritarrek gehiago eta hobeto birziklatzeko asmoz. Ingurumen hezitzaileek herritarrak etxeko hondakinak bereiztera animatuko dituzte, besteak beste, jolasen bidez.

Herritarrak hondakinak behar bezala sailkatzeak duen garrantziaz jabetu daitezen, Birziklatzea erraza da! kanpaina egingo dute bihar, larunbata, (09: 30-13: 30) eta hilaren 30ean, ostegunez, (16:00-20:00) herriko plazan. Bertan, birziklatzeari buruzko informazio gune bat jarriko dute. Ecoembes eta Ecovidrio erakundeek sustatuta eta Urola Erdiko Mankomunitatearekin lankidetzan jarriko dute informazio gunea, eta bi ingurumen hezitzaile izango dira bertan.

Egitasmoaren helburua da herritarrek gehiago eta hobeto birziklatzea, eta hezitzaileek herritarrak animatuko dituzte etxeko hondakinak bereizi eta edukiontzi egokietan uzteko "keinu txiki bat" egitera. Jolas moduan egingo dute hori: "Erruleta erraldoi batean hondakin ezberdinen irudiak inprimatuta daude. Tiraldi bakoitzean hondakin mota bat ateratzen da, eta jokatzen ari den pertsonak jakin behar du zer edukiontzitan utzi behar den. Hondakin batzuekin egon ohi diren zalantzak errepasatu ahal izango dira; izan ere, hondakin horiek gaizki uzten badira, arazoak sortzen dira hondakinak sailkatzeko". Era berean, haurrentzako txapa tailerra egingo dute, hondakinen gaikako bilketa oinarri hartuta. Egitasmoan parte hartzen dutenen artean saski bat zozkatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide