Itxaso Beristain: "Gurasoek ez dute nahikoa erreminta talde lanerako"

Andoni Elduaien 2023ko mar. 15a, 08:14

Itxaso Beristain. (Andoni Elduaien)

Itxaso Beristain (Zarautz, 1989) psikoterapeuta eta sexologoa da, eta hark zuzentzen ditu Azkoitian Guraso Eskolak. Gurasoen kezka iturriak zein diren eta horien aurrean nola jokatu azaldu du.

Zer dira Guraso Eskolak, eta zein dira egitasmoaren helburuak?

Gurasoei erremintak emateko eta babesa eskaintzeko saioak dira Guraso Eskolak. Bakoitza ahal duen guraso onena izatea da asmoa, eta Guraso Eskoletan horretarako tresnak ematen dizkiegu haiei. Programak nahi du nerabe edo haur horiek biharko egunean nahikoa autonomia izatea eta norbere buruarekin gustura egotea.

Erremintak aipatu dituzu...

Bizitzarako trebetasunak lantzen ditugu eskoletan, baita gurasoen autoezagutza ere. Pertsona gisa, garrantzitsua da barrutik kanporako ezagutza lantzea. Aurrena, gurasoek norbere burua ezagutu behar dute, eta gero, posible izango dute seme-alabekin beste modu batera jokatzea eta horiek beste modu batean heztea. Horretarako erremintak ematen dizkiegu.

LH eta DBH mailetako gurasoei eskaintzen dizkiezue eskolak.

Egitasmoaren arabera, programa bat zegoen LHko gurasoentzako. Dena den, talde txikia osatu zen, eta guztion artean adostu genuen eskoletan zer-nolako gaiak landu nahi genituen. Hori horrela, programa desberdina ari gara lantzen LHko eta DBHko seme-alabak dituzten gurasoekin. DBHko gurasoekin komunikazio asertiboa ari gara lantzen, baita horri mugak nola jar dakizkioketen ere.

Komunikazio asertiboaz ari zarenean, zer adierazi nahi duzu?

Komunikazioa asertiboa izan dadin, kontuan izan behar da zer-nolako emozioak dituen norbanakoak. Seme-alabekin era asertibo batean hitz egiteko, epaiketarik nahiz gaitzespenik gabe, sentitzen diren emozioak landu egin behar izaten dira; haserrea, adibidez. Haserre baldin badago pertsona, oso zaila da asertiboki komunikatzea. Haserrea, gainera, barrua husteko erabiltzen dugu. Emozioetan ezjakinak gara, ez dugu-eta horretarako hiztegirik.

"Ama edo aita izateko, beharrezkoa da aurrelanketa egitea"

Zer-nolako edukiak lantzen dituzue LHko haurrak dituzten gurasoekin?

Hamar emakume aritu dira eskola horietan. Amen zirkulu txiki bat eratu genuen, eta haiekin etxeko zenbait egoera nahiz han izaten dituzten bizipenak landu genituen. Saiatu gara ama ona izatea zer den definitzen. Norbere burua ezagutu eta erritmoei baimena ematen badiegu, alboan ditugunak –kasu honetan, seme-alabak–, ezagutzeko gai izango gara. Haurrak ezagutu egin behar dira. Seme-alaba bat baino gehiago dituztenen kasuan, haietako bakoitza berdin maitatu arren, gurasoek jakin behar dute haur bakoitza mundu bat dela.

Eta DBHko nerabeak dituzten gurasoekin zer lantzen duzue?

Guraso horien kasua bestelakoa da. DBHko nerabeek mugak behar dituzte, eta adina tarteko, erronkak izan ohi dituzte. Pixkanaka, gurasoengandik bereizten hasten dira, ezezkoan mugatzen dira, eta horregatik, garrantzitsua da gurasoek autoezagutza izatea. Droga mendekotasuna eta sare sozialak izan ditugu hizpide, eta kasu horien aurrean seme-alabei nola lagundu behar zaien landu dugu.

Guraso Eskolak lehenago hastea hobea al da gurasoentzat?

Guraso izan baino lehenago hasi beharko lituzke jendeak halako eskolak. Gurasoa izan nahi duen edo ez erabakitzeko, ama edo aita izaterako, beharrezkoa da aurrelanketa egitea. Bestalde, guraso izatearen inguruan bakoitzak duen iritzia ere elkarbanatu beharko litzateke. Oinarritik hasi beharko luke jendeak. Zer bide daude horretarako? Zenbait herritan eskaintzen dira Guraso eskolak. Saio horiek, ordea, ez dira errazten gizartean, edota jendeak ez daki horietara iristen. Eskolak eskaintzen ditudanean, sumatzen dut gurasoek oso gustura parte hartzen dutela saioetan eta eskertu egiten dituztela. Azkoitian, esaterako, oso talde polita osatu dugu; ama batzuek saio guztietan parte hartu dute. Opari bat da Azkoitiko Udalak halako zerbitzu bat doan ematea. Polita da hori, baina, aldi berean, tristea, partaide gutxi aritzen garelako. Garrantzia eman behar lieke jendeak halako kontuei.

"Ezkontideen arteko harremana gauza bat da, eta beste bat gurasoen artekoa"

Generoak ba al du eraginik guraso izaterakoan?

Nire iritziz ez, baina orokorrean, bai. Egun, oraindik, ez zaio gauza bera egitea eskatzen ama bati edo aita bati. Horrek ez du esan nahi beti ama denik seme-alaben lotura afektiboa; goxotasuna eskaintzen duten aita pila bat daude. Hori, ordea, niretzat ez da inplikazio kontua; egun gurasoek ez dute beren artean talde lana egiteko nahikoa erreminta. Ezkontideen arteko harremana gauza bat da, eta beste bat, guztiz desberdina, gurasoen arteko harremana. Gainera, sarri nahastu egiten dira bi kontzeptuak. Bi gauzak desberdintzea da gakoa, baina ez digute erakusten horretan.

Haurra izatetik nerabe izatera egiten den bideak ardura sortzen al du gurasoen artean?

Askotan aipatzen da habia hutsaren kontua. Gurasoen haur txiki horrek haurra izateari uzten dionean, dolua sortzen da guraso askorengan. Prozesu hori heldu batek abandonu bezala senti dezake, eta horregatik, asko zaindu behar dira afektuak eta emozioak. Gurasoek jakin behar dute haur horrek bere bidea egin behar duela. Maitasuna askatasuna ematea dela sinetsi behar dugu. Adibide bat ematearren: itsasontzi txiki horrek [haurrak] ibiltzen hasi behar du, eta aurrera egin ezin duenean, lagunduko zaio. 18 urtetik aurrerako nerabeen gurasoek haien portua izan behar dute, itsasontzia itzultzen denean hor egon daitezen, bai babesa emateko, bai konfiantza lantzeko. Gurasoen rolak desberdina izan behar du haurra LH garaian dagoenean edo hark 16 urte dituenean.

Zein dira egungo gurasoek dituzten kezka nagusiak?

Azkoitiko Guraso Eskoletan amek bakarrik parte hartu dute. Aberasgarria litzateke aita batzuk ere saioetan izatea, ziur nago-eta bakoitzaren kezkak desberdinak direla. Mugak nola jarri, nola sentitu errudun, nola lagundu seme-alabei biharko egunean heldu zoriontsuak izaten, sexu heziketa, adimen emozionala... Horiek dira sumatzen ditudan kezka nagusiak.

Zenbat gurasok parte hartzen dute Azkoitiko saioetan?

LHko seme-alabak dituzten gurasoekin egin nituen aurreneko zortzi saioak, eta hamar edo 11 lagunek parte hartu zuten. Orain, DBHko hamabi gurasorekin biltzen naiz.

Zer asmo dituzu azken saioetarako?

Apirilaren 25ean amaituko ditugu eskolak, eta nire asmoa da komunikazio asertiboa lantzen hastea eta gurasoei mugak jartzen irakastea. Horretarako, saio praktikoak egingo ditugu. Askotan teoriaren bueltan aritzen gara, baina garrantzitsua da teoria horiek egoeren aurrean praktikan jartzea. Gurasoek sarri pentsatzen dute haserre dauden egoeretan jarri behar dituztela mugak, baina mugak maitasunetik jarri behar dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide