Koruetako ahotsen erritmora hasi dira Taldez Talde emanaldiak

Andoni Elduaien 2023ko mar. 12a, 13:23

22. Taldez Talde ekimenaren barruko lehen emanaldia izan da gaurkoa. Bizkargi eta Iraurgi abesbatzen emanaldiaz gozatu dute Kontzejupen eta haren bueltan elkartu diren herritarrek. Datozen bi igandeetan izango du jarraipena ekimenak.

Gaur, igandea, abiatu dute herriko musika eta dantza taldeen 22. Taldez Talde ekimena. Bizkargi nahiz Iraurgi abesbatzek hartu dute eguerdian Kontzejupea, eta ikus-entzulez lepo bete dira udaletxe azpia eta haren ingurua. Eguraldia lagun, gozatua hartu dute herritarrek koruetako ahotsen erritmora.

Bizkargi abesbatzak, Maje Larrañagak zuzenduta, honako abestiak kantatu ditu: Negua joan da (Zea Mays), Something just like this (Coldplay), Boyabo Haboker (J.Hadar), Nothing else matters (Metallica) eta Aske Maitte (Gatibu). Pianoa eta perkusio taldea izan dituzte bidelagun Bizkargiko gaztetxoek. Koreografiak ere eskaini ditu abesbatzak, eta amaiera koloretsua eman diote emanaldiari.

Bestalde, Iñaki Maidaganek zuzendu du Iraurgi abesbatza, eta Oi ama Euskal Herria (B. Lertxundi), Guantanamera (J. Fernandez), Neskatxa maite (Xabier Sarasola) eta Segalariak (Josu Elberdin) abestiak eskaini dituzte herritarren aurrean. Saioaren bukaeran, berriz, bi abesbatzek elkarrekin abestu dituzte Syyahamba Afrikako abesti tradizionala eta L. Campbellen The lion sleeps tonight abestia. 

Hurrengo saioa datorren igandean izango da, eta azkena, hilaren 26an; biak 12:30ean hasiko dira, Kontzejupen. Martxoaren 19an, euskal musika tresnak eta dantza uztartuko dituen emanaldia eskainiko dute Bizkargi eskolako kideek. Martxoaren 26an, berriz, Bizkargi eskolako Banda Gaztea eta Azkoitiko Musika Banda izango dira Taldez Talde saioko protagonistak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide