Anaitasunaren berdinketa, Deustun; garaipena, Basaurin

Andoni Elduaien 2023ko mar. 12a, 09:15
Deusto eta Anaitasuna taldeetako jokalariak, korner jokaldi batean. (Anaitasuna)

Bizkaiko lurretan aritu ziren atzo Anaitasunaren gizonen zein emakumeen lehen taldeak. Gizonei neurketaren azken segundoan berdindu zieten lehia Deustun; emakumeek garaipen sendoa erdietsi zuten Basaurin.

Asteburuak ez du nahi bezain gozo hartu Anaitasuna. Gizonen lehen taldeak Deustun (Bizkaia) jokatu zuen Deusto taldearen aurka, eta bana irabazi zuten Artetxerenek neurketaren azken hondarrean. Emakumeen lehen taldea, berriz, Basaurin (Bizkaia) aritu zen, eta haiek hiru puntu ekarri zituzten Azkoitira, 1 eta 3 irabazita.

Xabi Artetxek zuzentzen duen gizonen taldeak puntu garratza batu zuen Deustuko Etxezuri zelaian. Play-off postuetarako arerio zuzenetako baten etxean aritu ziren atzo gorritxoak. Borrokari bizirik eusteko puntua batu bazuten ere, neurketa nola joan zen ikusita, balio gutxiko puntua eskuratu zuen taldeak. Aukera gutxiko lehia jokatu zuten bi taldeek lehen zatian. Etxekoek egin zuten lehen saiakera area kanpotik, baina Mikel Ruiz atezainak ezin hobeto erantzun zion abaguneari. Gorritxoek 35. minutuan izan zuten ordura arteko abagunerik onena, Jonma Vegak erdiratu eta Ander Arabaolazak buruz errematatuta; baloia zutoinaren ondotik kanpora joan zen ozta-ozta. Neurketa oso fisikoa jokatu zuten lehen 45 minutuetan, joan-etorri askorekin, baina aukera garbirik gabe.

Bigarren zatiari ekin eta segituan egin zuten gorritxoek partidako lehen gola. Julen Aramendik atzelarien bizkarrean hartu zuen baloia, eta hark atezainaren aurrean baloia bikain loratuta egin zuen gola. Dena den, epaileak ere zeresana eman zuen ondorengo minutuetan. 65. minutuan, etxeko jokalari bat egotzi zuen, bizkaitarrak hamar jokalarirekin utziz. Handik bost minutura, ordea, Unai Aranbarrik partidako bigarren txartel horia ikusi zuen; bi taldeak hamarrekin aritu ziren harik eta lehia amaitu arte. Azkoitiarrak defendatzen zuten zelai erdian kokatu zen ondorengo minutuetan Deusto, baina bizkaitarrek ez zuten aukera garbirik sortu Ruiz atezainak zaintzen zuen arean.

Neurketa luzapenean sartzear zela, ordea, etxekoek izua sartu zieten gorputzean gorritxoei. Lehenengo, falta jaurtiketa batean baloia langara bidali zuten etxekoek. Epaileak luzapenean sei minutu gehiago jokatzeko baimena eman zuen segidan, eta azken segundoetan deustuarrek lehia berdintzea lortu zuten, gorritxoei bi puntu ostuz. Kolpea handia jaso zuen Anaitasunak. Gaur-gaurko sailkapeneko zazpigarrena da Anaitasuna, 31 punturekin. Play-off postuetatik zortzi puntura jarraituko dute beste astebetez; hain justu, Deusto taldeak markatzen du postu horien langa. Datorren asteburuan, Barakaldo sailkapeneko liderra jasoko dute gorritxoek etxean, eta neurketa berezia izango da barakaldarrentzat; izan ere, lehia irabaziz gero Bigarren RFEF Mailara igoko dira zuzenean bizkaitarrak. Anaitasunako gizonak haien festa zapuzten ahaleginduko dira.

Emakumeak ere bikain

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak, berriz, Basauriko Kimuak taldearen aurka jokatu zuen atzo arratsaldean Artunduaga zelaian. Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak 1 eta 3 irabazi zuen; bigarren garaipena erdietsi du taldeak jarraian, eta sailkapeneko beheko postuak utzi eta erdialdean sartu dira orain gorritxoak.

Hasi eta berehala hartu zuten aurrea azkoitiarrek Ane Juaristik egindako golari esker. Dena den, berehala iritsi zen etxekoen berdinketa, eta hala hartu zuten atsedenaldian aldageletarako bidea, banako berdinketarekin. Etena egin ondoren ebatzi zuten partida azkoitiarrek. Ane Juaristik bideratu zuen norgehiagoka bigarren zatian; area ertzetik Enara Anduezak egindako pase bat jaso zuen hark, eta erdilariak neurketako bigarren gola eginda aurretik jarri zuen Anaitasuna.

Neurketa azken minutuetan sartzen joan zen ahala tentsioa ere hazten hasi zen, baina azken minutuetan Maria Juaristik egindako golak lasaitasuna eman zion taldeari. Gorritxoek garaipen garrantzitsua lortu zuten Basaurin (Bizkaia), eta orain, sailkapenaren erdialdeko postuetan kokatu dira. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 11. postuan dauden Anaitasunako emakumeak, 30 punturekin. Datorren asteburuan, Pauldarrak taldearen aurka arituko dira Barquerorenak etxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide