Festa giroan herriratu dute dislexiaren gaia

Andoni Elduaien 2023ko mar. 11a, 13:35

Dislegiren Debabarreneko delegazioak antolatuta, herritar ugari bildu da goizean goizetik herriko plazan. Dislexia zer den eta horren eraginak zer diren gizarteratu nahi izan du gaurkoan elkarteak jai giroan.

Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkarteak dislexiaren festa egin du gaur, zapatua, herriko plazan. Euriak ez du zapatu jaia, eta Kontzejupearen bueltan girotu dute herria, han sortutako su txikia herri osora zabaltzeko. Dislexia zer den jendartean ezagutarazteko asmoz egin du festa elkarteak. Dislegiren Debabarreneko delegazioak eta herriko hainbat familiak antolatuta egin dute jaia herrian.

Hain justu, informazio mahaia jarri dute herriko plazan, eta ospakizun giroan bestelako ekintzak asko izan ziren helduentzat nahiz haurrentzat. Dislexia zer den, inguruko pertsonen artean nahasmendua nola igarri daitekeen eta hura duten pertsonen aurrean nola jokatu behar den azaldu dute udaletxe azpian jarritako informazio panelen bidez. Halaber, elkarteko kideak herritarrei azalpenak ematen ere aritu dira. Plazan jarritako mahaietan dozenaka haur bildu da, izan aurpegia margotzeko edo marrazkiak egiteko.

Musika eta dantza ere protagonista izan dira; izan ere, gorputzak gogotsu astindu dituzte herritarrek gaurko prestatutako koreografien bidez. Silvia Elorriaga idazlea ere Azkoitian izan da, eta hark irakurketa erraza zer den azaldu liburuak sinatu ditu. Dislexiari eta dislexia duten lagunei eskainitako bertsoak ere abestu dituzte zenbait gaztetxok.

Dislexiaz kontzientziatzeko lanketa ez du gaur amaituko Dislegik; izan ere, martxoaren 29rako hitzaldi bat antolatu du elkarteak Azkoitian. Dislexia, zer da eta zer egin? izenburupean arituko dira orduan Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide