Bi ikasle azkoitiar, Euskal Herriko Geologiako XV. Olinpiaden irabazleen artean

Andoni Elduaien 2023ko mar. 7a, 08:06

Garmendia eta Salaberria saritu dituzte olinpiadetan. (Geoparkea)

Azkoitia BHIko June Garmendiak eta Miren Salaberriak irabazi dituzte aurtengo Euskal Herriko Geologiako XV. Olinpiadak. Espainiako olinpiaden fasea jokatzeko aukera irabazi dute orain.

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatzen duen Euskal Herriko Geologiako XV. Olinpiadak irabazi dituzte Azkoitia BHIko June Garmendiak eta Miren Salaberriak. Proba teoriko batean DBHko nahiz Batxilergoko edukietatik ateratako test motako 50 galderari erantzun behar izan diete aurrena ikasleek, eta gero, proba praktikoa egin behar izan dute hamabi laginekin.

Lau ikaslek lortu dituzte emaitza onenak: Azkoitia BHIko Garmendia eta Salaberria ikasleez gain, Fray Juan de Zumarraga BHI ikastetxeko Oier Flores eta Danel Totorikaguena durangarrek ere jaso dituzte aurtengo sariak. Diploma jaso zuten lau txapeldunek, eta Espainiako olinpiaden fasera joateko aukera irabazi dute. Era berean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Flyscha oinez eta itsasontziz ezagutzeko bisita gidatua oparitu die haiei.

DBH 4. mailako Batxilergoko ikasleak geologiaren ezagutzara hurbiltzeko eta bere aplikazioak etorkizunean izan dezakeen eraginaz jabetzeko antolatzen dituzte urtero Euskal Herriko geologiako olinpiadak.