Dislegik dislexiaren festa egingo du larunbatean plazan

Andoni Elduaien 2023ko mar. 7a, 09:00
Dislegi elkarteko kideak udal ordezkariekin. (Udala)

10:00etatik 14:00etara bitartean egingo du Dislegi elkarteak dislexiaren festa herriko plazan. Informazio mahaia jarriko dute plazan, baina festarako ekintzak ere antolatu dituzte; izan ere, haurrentzako puzgarriak, musika eta dantzak izango dira han.

Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkarteak dislexiaren festa egingo du datorren larunbatean, hilak 11, Azkoitiko plaza nagusian. Dislexia jendartean zer den ezagutarazteko, informazio mahaia jarriko dute herriko plazan, eta ospakizun giroan bestelako ekintzak egingo dituzte han. 10:00etan emango diote hasiera festari, eta 14:00etara bitartean luzatuko dute jaia.

Dislegi elkarteko zenbait kide herriko plazan izango dira, eta horiek dislexiari buruzko informazioa lau haizeetara zabalduko dute. Hain zuzen, dislexia zer den, inguruko pertsonen artean dislexia nola igarri daitekeen eta dislexia kasu baten aurrean nola jokatu behar den azalduko dute. Informazio mahaiaz gain, aisialdirako ekintzak izango dira plazan; izan ere, Dislegik festa giroan igaro nahi du goiza. Hain justu, aurpegia margotzeko mahaiak, buruhandiak eta denbora-pasak izango dira haurrentzat goizean zehar, baita puzgarriak, musika eta dantzak ere. Gainera, zapatuko festarako osatu duten bertso bat ere kantatuko dute elkarteko kideek. Silvia Elorriaga idazleak, berriz, irakurketa erraza zer den azalduko die plazatik igarotzen diren herritarrei; liburuak ere sinatuko ditu hark.

Dislexia ikaskuntzaren nahasmendu bat da, eta hizketaren soinuak identifikatzeko eta letrekin nahiz hitzekin erlazionatzen ikasteko eragozpenak tarteko, irakurtzeko zailtasunak sortzen ditu pertsonengan. Ebidentzia batzuen arabera, dislexiak eta beste zenbait ikaskuntza zailtasunek areagotu egiten dute eskola porrotaren arriskua. Era berean, dislexia duten gazteen artean arruntagoak dira gizarte bazterketa eta delinkuentzia. Dislegiren helburu nagusia da gazteen eskola porrota murriztea eta inklusibitatea errealitate izan dadin gizartea kontzientziatzea.

Hilaren 29rako, bestalde, hitzaldi bat antolatu du Dislegik Azkoitian. Dislexia, zer da eta zer egin? izenburupean arituko dira orduan Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide