Kartel lehiaketaren sariak banatuz hasi dituzte Martxoaren 8ko ekintzak Azkoitian

Ane Olaizola 2023ko mar. 6a, 14:20

Martxoak 8ari lotutako lehiaketaren sari banaketa egin du gaur udalak. Irati Larrañaga, Amaia Sudupe, Ainhoa Arregi eta Mara Alberdik Azkoitiko lehengo eta oraingo hiru emakumeren irudiekin osatu duten kartela izan da irabazlea. Sari banaketa ekitaldiarekin hasi ditu erakundeak Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako ekintzak, eta egun horren harira, emakumeen lidergotza aldarrikatu du aurten udalak. Itaiak, bestalde, elkarretaratzea deitu du asteazkenerako.

Asteazkenean Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta Azkoitian gaur hasi dituzte Martxoaren 8ari lotutako ekintzak. Gaur ez ezik, datozen egunetan ere hainbat saio zein mobilizazio izango dira herrian Martxoaren 8aren harira; batetik, udalak antolatutakoak, eta bestetik, Itaia sarearenak.

Martxoaren 8ko kartel lehiaketako irabazleei sariak banatu ditu gaur goizean udalak. Floreaga ikastetxeak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak parte hartu dute lehiaketan, eta guztira, 72 lan aurkeztu dituzte ikasleek. Aurtengoan, Irati Larrañaga, Amaia Sudupe, Ainhoa Arregi eta Mara Alberdi Floreagako DBH 3. mailako ikasleek osatutako taldeak jaso du aurreneko saria. Gazteek Azkoitiko lehengo eta oraingo hainbat emakumeren irudiekin osatu dute kartela: besteak beste, Bizenta Mogel idazle zenarenarekin, Anari abeslariarenarekin eta Jone Zabaleta korrikalariarenarekin. Epaimahaiak nabarmendu du taldeak emakume erreferenteak "bilatu" dituela lana egiterakoan, eta hirurak euskaldunak izateaz gain, irudi "onena" ere beraiek egin dutela ebatzi dute.

Bigarren saria ikastetxe bereko Chaimae Maayoufek jaso du, eta hirugarrena, Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko Leire Amestik. Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Berdura Plazan jarriko dituzte ikusgai datozen egunetan.

Modu horretara hasi du erakundeak Martxoaren 8ari lotutako egitaraua, eta egun seinalatuaren harira, emakumeen "lidergotzan" egin du azpimarra udalak aurten. Udalak politikan eta gainerako erabakiguneetan emakumeen lidergotza aldarrikatu du, oraindik
mugatua delako, eta lehetasunezkoa delako desberdintasun-arrakala murrizteko lanean jarraitzea", esan du Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagak. Gobernantza eredu "inklusiboan eta kooperatiboan" aurrera egiteko, Zubillagak ezinbestekotzat jo du egungo egoerak "birplanteatzea" zein erakundeak "eraldatzea". "Asko aurreratu dugu, baina orain, lehenengo lortutako horri eustea dagokigu, eta nola ez, urrats berriak eman eta aurrera jarraitzea berdintasun erreala eskuratu eta existitzen diren arrakala guztiak desagertu arte", gaineratu du.

Itaiak, bestalde, elkarretaratzea deitu du Martxoaren 8rako. Asteazkenean, 19:00etan bilduko dira, herriko plazan.

Hona hemen Martxoak 8aren bueltan udalak eta Itaiak antolatu dituzten ekintzak:

  • Martxoaren 7tik 13ra, kartelen erakusketa, Azoka Plazan.
  • Martxoak 8, asteazkena.
    • 9:30ean eta 11:00etan, Elssie&Dekker ikuskizuna Baztartxo Antzokian, Elssie Xalbadorren eskutik. Hezkidetza Foroak sustatuta, LH5 eta LH6ko ikasleei zuzenduta.
    • 18:30ean, Elbira Zipitriaren inguruko dokumentala, Elkargunean (Oteiza aretoan). Sarrera doan.
    • 19:00etan, elkarretaratzea, plazan.
  • Martxoak 11, larunbata:
    • 18:00etan, Amets Pirata txotxongilo ikuskizuna, Bihar taldearen eskutik, Elkargunean (Herriko plazan). Sarrera doan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide