150 landare inguru landatu dituzte Munoaundin herriko ikasleek

Andoni Elduaien 2023ko mar. 6a, 16:00
Ikasleak zuhaitzak landatzen. (Udala)

190 neska-mutil inguru aritu dira Munoaundin zuhaitzak landatzen. Ostiralean egin zituzten landaketak, eta besteak beste, haritza, lizarra, pagoa, erramua, gorostia eta hurritza landatu zituzten. 

Eskolako Agenda 2030 proiektuan parte hartzen duten eskoletako ikasleek 150 landare inguru landatu zituzten Munoaundin, joan den ostiralean. Udalarekin eta Urola Bizirik natur taldearekin elkarlanean, Munoaundin udalak utzitako lursailean egin zituzten landaketak ikasleek. Besteak beste, haritza, lizarra, pagoa, erramua, gorostia eta hurritza landatu zituzten.

Ikasleek brigadako langileen laguntza jaso zuten. Euri-lanbroa egin arren, ezin izan zuten landaketa atzeratu, udalaren arabera "orain baita landaketak egiteko sasoi hoberena". Landaketan herriko eskola guztiek parte hartu dute, hala nola Floreaga Ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak.

Guztira, 190 neska-mutil inguru aritu dira Munoaundin zuhaitzak landatzen. Halaber, gaztetxoen lana bertatik bertara ikusten izan zen Javier Zubizarreta herriko alkatea. "Ea zuok landatutakoa hazten ikusten duzuen, eta maitatzen duzuen", esan zien hark ikasleei. Aurrez ere landaketa bat baino gehiago egin dituzte Munoaundin Eskolako Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek. Landaketez gain, urmaela ere eraiki zuten han bertan.

Zubizarreta alkatea, ikasleekin solasean. (Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide