Graphenea enpresak egoitza berria izango du Azkoitiko Oinartxo industrialdean

Andoni Elduaien 2023ko mar. 6a, 12:04

Oinartxo industrialdeko eraikin baten irudia. (Spri)

Gipuzkoako enpresa teknologikoak 2.260 metro koadroko azalera duten lau lokal hartuko ditu Azkoitian, eta lantaldea 29 lanposturaino handitzea aurreikusten du. Enpresaren asmoa da nanomaterialekin fabrikatutako produktuak eta konponbide berriak sortzea.

Graphenea enpresa teknologikoa Azkoitiko Oinartxo industrialdera lekualdatuko da datozen hilabeteetan. Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak jakinarazi duenez, grafenoaren ekoizpenean espezializatutako Gipuzkoako enpresak 2.260 metro koadroko lau lokal (bi altueratakoak) okupatuko ditu datozen hilabeteetan herriko industrialde horretan.

Graphenearen lantegi berriak produkzioko, logistikako, biltegiko eta zerbitzuetako gune bana izango du, eta instalazio berriarekin hogei bider handituko du egungo produkzio gaitasuna. Era berean, hainbat espazio atonduko dituzte bulegoetarako, kalitatearen kontrolerako, ikerketarako eta hondakinen ingurumen kudeaketarako. Hori horrela, enpresak aurreikusi du datozen urteetan Grapheneak 29 lanpostuko lantaldea izan dezakeela Azkoitian.

Bestalde, Jesus de la Fuente Grapheneako buruak azaldu du "sekulako aurrerapena" dela enpresarentzat Azkoitian gaitasun eta instalazio handigoak izatea. "Lantegi berri honi esker posible izango dugu produkzio arloko teknologia berriak darabiltzaten makinak instalatzea eta industria gehigarriak dituzten produktu berriak garatzea, energia aurrezteko eta CO2 isuriak murrizteko".

Grapheneak nanomaterialekin fabrikatutako produktuak eta konponbide berriak sortu nahi ditu herrian, batez ere, industria sektorerako. Grafenoa material berritzailea da industrian, eta zehazki, Grapheneak arlo horretan garatzen du ekoizpena eta ikerketa. "Grafenoa ezinbesteko baliabidea bilakatu da korporazio ezagunentzat, unibertsitateentzat eta nazioarteko konpainia handientzat", azaldu du Sprik. Gipuzkoako enpresa horrek bere ekoizpen osoaren %98 esportatu egiten du, eta gainera, berak ekoizten du mundu mailan fabrikatzen den grafeno guztiaren %40a, batez ere, industriaren merkaturako.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide