Oporrak Bakean programa harrera familien bila ari da

Andoni Elduaien 2023ko mar. 6a, 10:20
Oporrak Bakean programa gauzatuko dute aurtengo udan. (Darahli elkartea)

Saharako haurrak udan etxean hartu nahi dituzten harrera familiek apirilaren 28a baino lehen Darahli elkartearekin jarri beharko dute harremanetan. Uda bateko besarkada lelopean abiatu dute urtero bezala ekimena. Aurten, Mendebaldeko Saharako 300 haur ekarri nahi dituzte Euskal Herrira.

Uda bateko besarkada lelopean, martxan da aurtengo Oporrak Bakean ekimena. Pandemia tarteko bi urtez geldirik egon ostean, joan den udan berrartu zuten programa. Programa horren barruan lan egiten du Urola Kosta eskualdeko Darahli elkarteak, eta aurten Mendebaldeko Saharako 300 haur errefuxiatu Euskal Herrira ekarri nahi dituzte. Orain, programa Saharako haurrak etxean hartzeko harrera familien bila ari da.

Hain justu, programari esker haur errefuxiatu sahararrek uda Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute. Programaren helburuak dira, besteak beste, haurrak udako klima baldintza gogorretatik aldentzea, haurren osasuna elikadura orekatu batez bitartez hobetzea, oinarrizko osasun azterketak egitea, eta haurrei beste kultura, hizkuntza edo errealitate bat ezagutzeko aukera eskaintzea.

Programan parte hartzen duten kideek nabarmendu dute haiek duten helburua "programaren desagertzea" dela. "Saharar herria bere lurraldera itzuli izanaren seinale izango litzateke hori. Bitartean, sahararrei gure babesa ematen nahiz Euskal Herriaren eta Sahararen arteko zubiak eraikitzen jarraituko dugu", adierazi dute.

Harrera familia izateko prest daudenek apirilaren 28a baino lehen Darahli elkartearekin jarri beharko dute harremanetan, darahlizumaia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta. Elkarteak herritarrak "abenturara" animatu nahi izan ditu. "Saharar herriak inoiz baino gehiago behar gaitu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide