Azkoitian egindako mantak, sahararrentzat

Ane Olaizola 2023ko mar. 4a, 09:29

Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroen barruko trikotatze saioetan parte hartzen duten emakumeek mantak egin dizkie errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren sahararrentzako. Taldeak "ilusio handiz" eman dizkio mantak Daralhi elkarteari.

Udalak antolatzen dituen Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroen barruan, trikotatze edo joste tailerrean parte hartzen duten emakumeek mantak egin dituzte Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko. Azkoitiko Udalak adierazi duenez, Daralhi elkartearen bidez egingo dute bidalketa, eta hango kide Lourdes Alberdik eta bere alaba Irati Lizarraldek gaur, ostirala, jaso dute materiala. Izan ere, Lizarralde Aste Santuan joango da kanpamenduetara, beste 50 lagunekin batera, eta azkoitiarrak orduan emango dizkie mantak sahararrei.

Udalak adierazi duenez, emakume taldeak "ilusio handiz" eman dizkio mantan elkarteari. "Bihotzez egindako oparia da". Darahlik, bere aldetik, jakinarazi du atzo zabaldu zela Oporrak Bakean programan izena emateko aukera. Han parte hartzen dutenek, sahararren kanpamenduetan bizi diren haurrak hartzen dituzte beren etxeetan, uda partean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide