Hitz bitan

"Espazio librea izatea asko eskertzen dute umeek"

Ane Olaizola 2023ko mar. 21a, 09:45
Ane Mendizabal eta Alaitz Alberdi, Abarketatxo ludotekako begiraleak. (Ane Olaizola)

Alaitz Alberdi (Azkoitia, 1995) eta Ane Mendizabal (Azkoitia, 1997) Gazteria Zerbitzuak kudeatzen duen Abarketatxo ludotekako begiraleak dira 2019az eta 2021az geroztik, hurrenez hurren. Astelehenetik ostiralera bitartean, 4 eta 12 urte bitarteko 120 umeri eskaintzen diete zerbitzua, adinaren araberako hiru taldetan banatuta.

Zein da zuen egitekoa?

Ane Mendizabal: Ludoteka espazio librean umeen bidelagunak gara gu. Hau da, gure egitekoa da umeei egin nahi dituzten ekintzetan laguntzea.

Alaitz Alberdi: Umeak nahi baldin badute etortzen dira ludotekara. Aisialdirako eremua da ludoteka, eta zerbitzu horrek ematen die umeei espazio itxi batean, beren lagunekin zein adin desberdinetako beste haurrekin jolasteko aukera. Dena den, askok uste du ludotekara jolastera bakarrik etortzen direla, baina helburu zehatzak dituzten bestelako ekintzak ere antolatzen ditugu.

Zein dira helburu horiek?

A.A.: Hezkidetza asko lantzen dugu, esaterako; tratu onak sustatzen ditugu. Horrez gain, sasoiaren arabera, gai zehatzak lantzen ditugu. Neguan, adibidez, euskal tradizioak jorratu ditugu: Olentzero, karnabaletako pertsonaiak... Eskolan beharbada landuko ez dituzten edo derrigorrean landuko dituzten gaiak jolasaren bidez jorratzen saiatzen gara. Horrez gain, guraso batzuk etortzen zaizkigu, adibidez, beren seme-alabei eskolan irakurtzea edo besteekin harremantzea kostatu egiten zaiola esanez. Halakoetan, jolas eta ekintza bereziak prestatzen ditugu haientzat: ipuinak landu, jolas kooperatiboak egin...

Zer da umeei gehien gustatzen zaiena?

A.M.: Unean-unean gogoa dutena egiten dute, eta hori da haurrek gehien eskertzen dutena.

A.A.: Ludotekara etortzen direnean, askatzea behar izaten dute umeek, eta asko eskertzen dute psikomotrizitatea lantzeko espazio librea izatea. Hori asko ari gara antzematen konfinamenduaz geroztik. Eguraldi ona egiten hasten denean, berriz, kalera ateratzen gara herriko txokoak ezagutzera, ume askok ez baitituzte horiek ezagutzen. Dena den, jolas librerako egun asko izaten ditugu, umeek zertan jolastu nahi duten aukeratzeko espazioa baita ludoteka. Baina esperimentuak, eskulanak, mahai jolasak edota herri kirolak ere prestatzen ditugu. Halakoetan, ekintzak proposatzen ditugu, eta nahi duenak parte hartzen du horietan.

Zer eginkizun du ludotekak umearen garapenean?

A.A.: Ludoteka jolasteko eta gozatzeko txoko bat da, baina adin desberdinetako pertsonak ezagutzeko tartea ere eskaintzen du, eta enpatia zein arauak lantzen ditugu. Azkenaldian, euskara sustatzen ere ari gara. Izan ere, haur askok gaztelaniara jotzen dutela ohartu gara. Horregatik, saiatzen gara euskara bultzatzen eta ikasten ari direnei indarra ematen.

Zein da zuen lanaren alderdi positiboena?

A.M.: Umeek ematen diguten erantzunak asetzen nau gehien. Umea lasai etorri eta gurekin gustura egoten bada, espazio segurua izango da harentzat, eta lana ondo egiten ari garen seinale da hori.

Anekdotarik izango duzue...

A.A.: Batzuetan, batez ere ume txikiek, andereño deitzen digute. Gure izenez hots egiteko eskatzen diegu haurrei; izan ere, hala izan ezean, eskolarekin lotuko gintuzkete. Ikastetxean bezala, ludotekan ere saiatzen gara umearen garapenean aurrera egiten, eta norbaitek trebetasunak falta dituela edo baliabiderik ez duela jabetzen bagara, laguntzen ahalegintzen gara. Bide horretan, gustatzen zaigu gurasoekin harreman zuzena edukitzea.

Abendutik, 0-3 urteko haurrak dituzten familientzako eskuragarri izaten da ludoteka goizetan. Zer harrera izan du zerbitzuak?

A.A.: Udalaren zerbitzua da hori, ez ludotekarena, baina badakigu jende dezente etortzen dela eta asko eskertzen dutela umeek libreki jolasteko leku epel bat izatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide