Pintxo potea ingelesez egiteko saioak berreskuratu ditu udalak

Ane Olaizola 2023ko mar. 1a, 14:58
Hizkuntza Eskola, Gaztanenea eraikinean.

Chit Chat Bar Hop egitasmoa martxan jarriko dute berriz bihartik aurrera; hau da, ingelesa praktikatuz, pintxo potea egingo duten hainbat ostegunetan. Saioak irekiak eta doakoak dira.

Azkoitiko Udaleko Hezkuntza Sailak Chit Chat Bar Hop egitasmoa berreskuratuko du; hau da, pintxo potea ingelesez egiteko juntadizoa. COVID-19ak eragindako izurriaren ondorioz bertan behera utzi zuten 2017an hasitako egitasmoa, eta orain, erakundeak berriz martxan jarri du hura. Beraz, udalak azaldu duenez, herritarrek aisialdiaz ingelesez gozatzeko aukera izango du datozen asteetan.

Bihar, osteguna, egingo dute pintxo potearen sasoi berriko aurreneko saioa, eta martxoaren 16an, 30ean, apirilaren 20 eta maiatzaren 4an izango dira hurrengoak. Ingelesezko ahozko komunikaziorako trebetasunak hobetu nahi dituzten pertsonak elkartzea eta hizkuntza hori praktikatzea da egitasmoaren funtsa, eta antolatzaileek gogoratu dute saioak irekiak zein doakoak izango direla. Hau da, ingelesa praktikatu nahi duen orok parte har dezake egitasmoan. Parte hartzeko, zehaztutako egunetan, 19:30erako Hizkuntza Eskola —Gaztanenea jauregia— kanpoaldera agertzea besterik ez dute herritarrek; han elkartuko dira partaideak. 

Aurten, Zumaiako bizilagun Leonard Paul Bux irlandarrak zuzenduko ditu Chit Chat Bar Hop egitasmoko saioak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide