Ibon Guridi: "Gehien jokatu dudalako lortu ditut ISBn puntu gehien"

Andoni Elduaien - Maialen Etxaniz 2023ko mar. 1a, 14:40

LeBron James NBAko saskiratzaile nagusia bihurtu da, eta hura da Ibon Guridi (Azpeitia, 1992) ISBko kapitainaren erreferenteetako bat. Hain justu, Guridi da ISBren historiako saskiratzaile nagusia.

Zu zara Iraurgi Saskibaloiaren historian puntu gehien lortu dituen jokalaria. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Datorren urtean izango da klubaren 50. urteurrena. Klubeko saskikaratzaile nagusia naizen edo ez esaten ez nuke asmatuko. Hala baldin bada ere, azken urte guztietan urtero ni baino puntu gehiago lortu dituen jokalari askorekin egon naiz. ISBn puntu gehiena eskuratu baditut, partida gehien jokatu ditudalako da; puntuen metaketaren ondorioa. 18 urte nituenetik ari naiz taldean jokatzen, eta egun 30 urte ditut. Urrezko nahiz Zilarrezko LEB ligetan horrenbeste partida jokatuta, agian ni izango naiz puntu gehien lortu dituen etxeko jokalaria.

Partida asko, puntu asko... Zein saskiratze izan da zuretzat bereziena?

Ez ditut egin partidak irabazteko balio izan duten saskiratze asko. Halere, bat aukeratzea baino nahiago dut aurreko denboraldian Palencia taldearen aurka Azpeitian sartu nituen saskiratze gehienekin gelditzea. Kiroldegian izan zen giroa, aretoa beteta zegoela, mailari eustea jokoan genuela, azken jardunaldia eta Palencia bezalako talde baten aurka... Orduan lortutako saskiratze bakoitza buruan dut, eta ez zaizkit ahaztuko.

LeBron Jamesek duela aste gutxi lortu du NBAko saskiratzaile nagusia izatea, Kareem Abdul Jabbarrek zuen errekorra hautsi eta gero. Zure erreferenteetako bat al da James?

Umetatik jarraitu ditut NBAko jokalariak. Lagunak Kobe Bryanten aldekoak izan dira, baina ni betidanik James zalea izan naiz. Gustuko dut, eta erreferenteetako bat da, noski. Saskibaloiaren gaur egungo irudi garbiena da hura; garai batean [Michael] Jordan izan zen, eta orain, James da. Inoizko jokalari ikusgarriena da, eta horregatik, gehien jarraitu izan dudana. Gogoan dut gaztetxoa nintzenean Youtuben haren bideoak jartzen nituela. Bizitza osoan izango da nire jokalari faboritoa.

Zer gustatzen zaizu gehien beragandik? Zerk ematen dizu arreta?

Jokalari ikusgarria da. Fisikoki beste jokalariak baino gorago dago. Fisikoz goitik egon arren ere, beldurtzeko moduko talentua du hori baliatzeko; horrek eman izan dit arreta. Batzuek zioten, puntu asko lortzen zituenez, beretzat bakarrik jokatzen zuela. Dena den, selekzioarekin joaten zenean-eta izaten zituen detaileak: lagunentzako jokatzen bazekiela erakusten zuen, eta ikusten zen gainerako taldekide guztiek hartzen zutela hura lidertzat.

"Fisikoz goitik egon arren, beldurtzeko moduko talentua du LeBron Jamesek"

Juaristi ISBk mailari eustea du jokoan, eta azken partidetan garaipenak lortu dituzue. Zer moduz ikusten duzu taldea?

Asko aldatu da egoera azken bi hilabeteetan. Bi jokalari joan eta beste bi berri batu dira taldera, eta aldaketa horiek bizi nahiz indar pixka bat eman digute. Horrez gain, lehendik geunden jokalariok ere igo egin dugu maila. Hasieran pixka bat kostatu egin zitzaigun ligan sartzea. Etxean sendo gaude orain, azken hiru partidak irabazita. Hori baino lehenago, Palencia liderrak berak ere, Gabonetara bitarteko txapelduna izan denak, azken segundoetan saskiratzea eginda lortu zuen Azpeitian irabaztea; minutu baten faltan irabazita genuen partida hura. Taldea oso motibatuta dago, mailari eusteko borrokan buru-belarri murgilduta, eta batez ere, jakitun da helburua lortzeko gai dela.

Etxean egongo da, beraz, aurten ere mailari eusteko gakoa?

Bai, urte hasieratik ari gara hori esaten. Gure gotorlekua etxea da. Emaitzetan ere ikus daiteke hori, etxetik kanpo irabaztea oso zaila baita. Talde handiak daude ligan –esaterako, Burgos eta Estudiantes–, eta haien kantxak ere halakoak dira. Nahiz eta beti joaten garen ilusioz eta gogotsu, oso zaila da halako taldeen kantxetan ezer lortzea. Iaz, sendo egon ginen etxean, eta hala lortu genuen mailari eustea. Azkoitiko eta Azpeitiko kantxek berezitasunak dituzte. Kantxa horiek bete egiten dira, eta betetzen direnez, zarata handia sortzen da. Jendea gurekin dagoela sentiarazten digute bi kantxa horiek. Edozein saskiratze edo defentsa onekin babestu egiten gaituzte, eta aurkariek sumatu egiten dute hori. Geu ere sendoago sentitzen gara etxean. Gure etorkizunaren giltza garrantzitsuena etxeko partidetan dugu.

Alor pertsonalean, zer moduz sentitzen zara?

Duela hamabi urte lehen taldera iritsi nintzenean, gaur nik dudan adina zuten jokalari bat baino gehiago zeuden. Orain, berriz, neu bakarrik nago adin horrekin; hurrengo zaharrenak ni baino hiru urte gutxiago ditu. Dena den, ondo sentitzen naiz, eroso, eta gozatu egiten dut. Gustatu egiten zait jokatzea, eta atsegin dut talde giroa ere. Sekulako giro polita dugu, eta oraingoz ondo sentitzen naiz. Jokatzen jarraitu nahi dut. Nire hobby handiena da saskibaloia, eta ondorioz, nire bizitzaren parte garrantzitsuenetako bat. Borrokan segitzeko gogoa dut.

"Palenciaren aurka lortutako saskiratze bakoitza dut buruan; ez zaizkit ahaztuko"

Kantxatik kanpo ere badituzu eginkizunak. Zein dira zure lan horiek?

Lehen bi taldeak beheko taldeen isla dira. Harrobia da Iraurgi, eta 400 neska-mutil dira klubaren parte. Hori guztia koordinatzeko eta entrenatzeko jendea behar da. Asteburuetan epailerik ez badago, partidetan epaile lanak egin behar izaten dira batzuetan. Urtean zehar, berriz, beste mila ekintza egiten ditugu. Entrenatzaile ibiltzen naiz, epaile lanak egiten ditut, jokatu egiten dut eta beste klubekin nahiz federazioekin hartu-emanean laguntzen dut. Mila gauza egon ohi dira egiteko, eta horietan laguntzea da nire egitekoa. Finean, klubaren eguneroko martxa aurrera eramaten laguntzen dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide