Sun magoaren ikuskizuna izango da martxoaren 12an Baztartxon

Andoni Elduaien 2023ko ots. 22a, 09:00
Sun magoa, ikuskizun batean. (Sun magoa)

Sun magoak 17:00etan eskainiko du magia ikuskizuna martxoaren 12an, igandez, Baztartxo antzokian. Dagoeneko eskuratu daitezke emanaldirako sarrerak Entradium atarian.

Martxoaren 12an, igandea, magia ikuskizuna izango da Baztartxo antzokian. 17:00etan hasita, Iñaki Ruiz de Galarretak, Sun magoa bezala ezagunagoa denak, Houdini, telebistaren magia izeneko ikuskizuna eskainiko du herriko antzokian.

Disney Channel telebista katen aritzen den Houdini kluba telesaioko magoa da Sun, eta hark igarkizunak, agerpenak nahiz desagerpenak egin ohi ditu ikuskizunean. Azkoitiko saioan ere ez dira faltako halako ikuskizunak. Era berean, ur tanketik ihes egin beharreko saioa ere eskainiko du, eta horrela, "ezinezkoarekin amets egiten nahiz ilusioa sortzen" lagunduko die ikus-entzuleei.

Azken urteetan behin baino gehiagotan izan da Sun magoa Azkoitian, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Azkoitiko ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko Entradium atarian. 6 euroren truke eros daitezke martxoaren 12ko saiorako sarrerak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide