Garaipen garrantzitsuak eskuratu ditu ISBk Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko ots. 21a, 10:09

Juaristi ISBko jokalariak saskiratze baten bila. (Argazkiak: Mikel 'Otola')

ISBren lehen taldeek garaipenak lortu dituzte asteburuan Azkoitiko Elkargunean. Ostiralean, Juaristi ISBk 72 eta 54 hartu zuen mendean CB Almansa Con Afanion taldea, eta larunbatean, 69 eta 63 irabazi zuen Domusa Teknik ISBk Milar Cordoba Baloncesto taldearen aurrean.

Balio handiko garaipenak eskuratu dituzte asteburuan ISBren lehen taldeek. Azkoitiko Elkargunean jokatu dituzte bi taldeek liga txapelketako partidak, eta nola Juaristi ISBk hala Domusa Teknik ISBk lortu dituzte garaipenak: mutilek 72 eta 54 irabazi zuten CB Almansa con Afanion taldearen aurka, eta 69 eta 63 garaitu zuen Domusa Teknik ISBk Milar Cordoba Baloncesto taldea.

Gizonek ostiralean jokatu zuten lehia, eta etxeko taldeak hasiera-hasieratik hartu zuen aurrea. Dena den, lehiari neurria hartu zioten bisitariek, eta bi hirukori esker partida orekatu zuten. Olaizolak zuzentzen duen taldeak, ordea, grazia handiarekin jokatu zuen erasoan, eta hiruko bati esker sei puntuko aldea hartu zuen lehen laurdenaren amaierarako.

Bigarren laurdenaren hasieran, kanpoko taldea gainera hurbildu zitzaion ISBri; izan ere, sei puntu jarraian lortu zituen Albaceteko (Espainia) taldeak. CB Almansa Con Afanion taldeak gogor jardun zuen, baina erasoan ez zuen saskirako bidea aurkitu, eta hori baliatu zuen Juaristi ISBk atsedenaldirako hamar puntuko errenta hartzeko.

Hirugarren laurdenean, CB Almansak aldea murriztu zuen; puntu batera jarri ziren bisitariak (45-44), eta partida parekatu zuten laurdena amaitzeko lau minutu falta zirenean. Puntuen txorrota erasoan itxi egin zitzaien haiei, ordea, eta zazpi eta hutseko partzialarekin ISBk ihes egin zuen berriro markagailuan (52 eta 44). Azken hamar minutuetan, CB Almansa sei puntura hurbiltzeko gai ere izan zen. Hortik aurrera, ordea, ISBk abantaila sendotu zuen, eta hirugarren garaipena lortu zuen jarraian etxean (72-54). Dena den, Odriozolarenak ez ziren gai izan joaneko partidan izan zen puntuen aldea berdintzeko –hemeretzi puntugatik galdu zuten Albaceten–.

Berebiziko garrantzia duen puntua eskuratu zuten Mikel Odriozolaren mutilek. Bide batez, gainera, jaitsiera postuetarako borrokan sartu dute aurkaria, hura garaipen bakar batera baitute orain. Nathan Hoover izan zen taldekide onena; hamabost puntu saskiratuta, hamahiru puntuko balorazioa eskuratu zuen hark. Asteburu honetan atseden astea izango dute mutilek, eta martxoaren 5ean, larunbatez, Alimerka Oviedo taldearen aurka jokatuko dute Odriozolarenek, Oviedoko (Espainia) Pumarin kiroldegian. Garaipenetan berdinduta daude gaur-gaurkoz ISB eta Alimerka Oviedo.

Emakumeak, sendo

Domusa Teknik ISBk bide onean jarraitzen du. Jokatutako azken lau partidak irabazi ditu Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak, eta poliki-poliki bada ere, sailkapeneko atzeko postuak atzean lagatzen ari da taldea. Larunbatean, Milar Cordoba Baloncesto taldearen aurka jokatu zuten Azkoitian, eta 69 eta 63 irabazi zuten.

Lehia parekatua jokatu zuten ISBk eta Andaluziako saskibaloi taldeak Elkargunean. Kanpoko taldeak agindu zuen markagailuan partidaren lehen minutuetan, 14-19 atzetik amaitu zuen-eta ISBk hasierako laurdena. Bigarren laurdena parekatuagoa izan zen, etxekoek Kordobako taldearen eraginkortasuna murriztea lortu baitzuten. Halere, bisitariek aurretik hartu zuten aldageletarako bidea (30-35).

Kordobako taldearen sentsazio onak lausotu egin ziren bigarren zatian. Hirugarren laurdenerako ISBk hartu zuen lehiaren agintea, baina ez zuen nagusitasun hori puntuetan islatzerik lortu; bai, ordea, azken laurdenean. Azken hamar minutuetan puntu oldea lortu zuen Lizarralderen taldeak, eta hala lortu zuten garaipena.

Garaipenaz gain joanekoan jokatu zuten partidako puntuen aldea ere jokoan izan zuten larunbatean; izan ere, jaitsiera postuetan bete-betean murgilduta dago Milar Cordoba Baloncesto –sailkapeneko azkena da, eta ISBk lau puntugatik irabazi zuen han–. Hala eta guztiz ere, ISB garaipena lortzeko gai izan zen, eta beraz, joaneko eta itzulerako partidetako puntuek ez dute baliorik izango.

Jone Azkue izan zen ISBko saskiratzaile onena, hark hamabost puntu lortu baitzituen. Dena den, Josephine De Barros izan zen taldeko onena, portugaldarrak hamabi puntuko balorazioa eskuratu baitzuen. Datorren igandean, Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearekin neurtuko ditu indarrak Domusa Teknik ISBk (12:30), Caceresko Juan Serrano kiroldegian.