Sarea sendotu egin nahi dute

Ane Olaizola (Gipuzkoako Hitza) 2023ko ots. 17a, 11:09
Azkoitia Lagunkoia egitasmoaren bilera bat. (Azkoitiko Udala)

Euskadi Lagunkoia sortu zutenetik, Azkoitia tartean dela, handituz joan da adinekoekin adeitsuagoak diren herrien sarea. Pandemia igarota, herritarren partaidetza aktibatzea da orain helburua. Gaurko Gipuzkoako Hitza astekarian jorratu dute gaia.

Badira 11 urte Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatuta Matia fundazioak Euskadi Lagunkoia egitasmoa martxan jarri zuela, herritarrentzat eta, batez ere, adinekoentzat herri adeitsuagoak sortzeko asmoz. Azken urteetan, handituz joan da sarea, eta, gaur-gaurkoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 74 udalerri daude programa horretara atxikita; horietatik, 26 dira Gipuzkoakoak. "Gero eta herri gehiago ari dira lagunkoitasun prozesua aurrera eramaten", esan du Ainara Tomasena Matia fundazioko ikertzaileak. Datuez harago, ordea, egitasmoaren "kalitatea" nabarmendu du: "Borondate handia dago lan egiteko, eta positibotzat jotzen dugu orain arte egindakoa". Haziz doan programa bat izanagatik, sarea sendotze aldera, taldeak aktibatzea da gaur egun sustatzaileen erronka.

Egitasmoan parte hartzen duten herrien errealitatea gertutik ezagutzen du Tomasenak, eta, haren hitzetan, COVID-19aren izurriak "min handia" egin du herri lagunkoien jardunean, beste arlo askotan bezala etena eragin baitie taldeei. "Pandemian guztiz gelditu zen erritmoa, baina balio izan zuen ikusteko gizartean zer behar zeuden; izurriak gizartearen premiak azaleratu zituen, eta argi geratu da egitasmo honen beharra badagoela, zaintzan oinarritutako herriak izan ditzagun".

Tomasenaren iritziz, azken urteetako esperientziak balio izan die erremintak eskuratzeko: "Herri bakoitzaren esperientzietatik ari gara ikasten, ondoren ezagutza hori lekuan-lekuan eskain dezagun". Izan ere, adinekoei bizitza erraztuko dien ingurune bat sortzeko, azterketak egin dituzte herriz herri, eta, emaitzetatik abiatuta, askotariko gaiei eutsi diete parte hartzaileek. "Ohartu gara beharrak oso antzekoak direla herri guztietan. Adinekoen bakardadeak eta harremanek kezka sortzen dute, eta hirigintzari lotutako guztiak ere pisu handia dauka haien egunerokoan".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide