'Sexberdinak' antzezlanerako sarrera gehiago jarri dituzte salgai

Nerea Uranga 2023ko ots. 17a, 10:04
'Sexberdinak' obran, Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia.

Martxoaren 31n izango da Baztartxon Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak antzezten duten obra. Sarreretatik lortzen den dirua Urdinduz 2023 egitasmoarentzako izango da.

Sexberdinak antzezlanak izan duen harrera ikusita, obra ikustera joateko sarrera gehiago jarri ditu saltzen Azkoitiko Udalak. Martxoaren 31n da antzezlana, 19:00etan, Baztartxo antzokian. Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia dira obrako aktoreak, eta Azkoitian egingo duten emanalditik ateratako dirua Marea Urdinaren Urdinduz 2023 egitasmoa laguntzeko izango da.

Aurrez salgai jarritako sarrera guztiak azkar agortu ziren, eta orain gehiago jartzea erabaki dute. Hala azaldu du Azkoitiko Udalak erabakia: "Hasiera batean, Tanttaka Teatroa konpainiak eskatuta, sarrera kopurua mugatu egin zen, eta aste honetan agortu egin dira. Obrak piztu duen interesa ikusita, ordea, Baztartxo antzokiko eserleku guztiak eskaintzea erabaki da. Ondorioz, libre zeuden sarrerak eros daitezke jada Azkoitiko Udalaren webgunean edota Entradium atari digitalean.

Bi lagunen arteko istorioa kontatzen da Mireia Gabilondok zuzendutako Sexberdinak obran. Garun-paralisia duen kazetaria eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzailea dira protagonistak, eta beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte, inolako konplexurik gabe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide