Axiri Classic taldeak eskolarako materiala bidali du Afrikara auto lasterketa solidario baten bitartez

Andoni Elduaien 2023ko ots. 16a, 08:43
Axiri Classic taldeko kideak eta rallyan parte hartuko duen gaztea. (Axiri Classic)

Afrikara eskola-materiala eramatea helburu duen Afrikako 4L Trophy lasterketa solidarioan parte hartuko dute Gautegiz-Arteagako (Bizkaia) Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria lehengusuek. Azkoitiko taldeak horretan lagundu dio bikoteari.

Gautegiz-Arteagako (Bizkaia) Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria lehengusuek Afrikako 4L Trophy lasterketa solidarioan parte hartuko dute. Beraien familiako 33 urteko Renault 4 zaharrarekin osatuko dute ibilbidea; izan ere, rallyan mota horretako autoekin bakarrik parte har daiteke.

Lasterketa solidario horren helburua da Afrikako ikastetxeei eskolarako nahiz osasunerako materiala ematea, eta hain justu, lan horretan lagundu du Azkoitiko Axiri Classic taldeak. Talde horrek inguruko hainbat enpresak emandako materiala eskaini diete Bizkaiko bi lehengusuei, haiek Afrikara eraman dezaten. Era berean, Axiri Classic taldeko kideek autoa atontzeko piezak lortzen ere lagundu diete bi lehengusuei; Berastegiko bizilagun baten bitartez lortu dituzte Renault 4 autoarentzako piezak.

Larrinaga eta Malaxetxebarria lehengusuek gaur, osteguna, hasiko dute ibilbidea Miarritzetik, eta handik hegoaldera egingo dute, Espainia aldera. Madrilera zuzenduko dira lehenengo Euskal Herritik, eta Algecirasera ondoren. Helmuga Marokon izango du lasterketa solidarioak. Miarritze eta Marokoko Marrakech hiriburua hamar egunean lotzea da bi lehengusuen asmoa, Atlas mendikatea zeharkatu ondoren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide