Ione Zuloaga: "Egia historikoa ikertzeak pizten du grina nigan"

Andoni Elduaien 2023ko ots. 22a, 12:58
Ione Zuloaga. (Andoni Elduaien)

Ione Zuloagak Aranzadi zientzia elkartean egiten du lan. Historia garaikidea, eta zehazki, gerra eta diktadura frankista garaia dira bere ikerketa lerroak, eta lanketa horietan dabil murgilduta. Gipuzkoan errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten emakumeei buruzko doktoretza ari da egiten. Otsaileko Maxixatzen aldizkariko Bestaldetik elkarrizketa da hau.

Aranzadi zientzia elkarteko ikerlaria da Ione Zuloaga (Azkoitia, 1995). Errekatik hartzen zituen harriek, fosilek eta mineralek ezkutatzen zutena ezagutzeko jakin-minak bultzatuta hasi zen Historia gradua ikasten Gasteizen. Arangurengo (Nafarroa) Irulegiko gaztelua industen aritu da Zuloaga, eta egun, Zestoako eta Zegamako memoria historikoari buruzko ikerketak ari da lantzen.

Historialaria izatea erabaki zenuen. Zergatik?

Txikitatik gustatu izan zait harriak biltzea; jasota ditudan lehenak gure ibaikoak dira, Urolakoak. Gurasoekin egiten nituen ibilaldietan fosil ezberdinak, mineralak eta niri deigarriak egiten zitzaizkidan harriak biltzen hasi nintzen. Harriek zer ezkutatzen zuten jakin nahi nuen, eta neure istorioak ere sortzen nituen haiek nondik zetozen pentsatuta. Toki ezberdinetako txanponak eta billeteak ere gordeta ditut, izugarri gustatzen zaizkit eta. 14 urte inguru nituela, irakasle batek zer gustatzen zitzaidan galdetu zidan eskolan, eta harriak eta fosilak gustatzen zitzaizkidala erantzun nion. Irakasleak arkeologoa izan beharko nuela esan zidan. Ez nekien garai hartan arkeologo baten egitekoa zein zen, baina irakasleak azaldu zidanean, ziurrenik etorkizunean izan nahi nuena hori zela ikusi nuen. Egiptologiak ere asko erakartzen ninduen, eta horregatik, geroz eta argiago nuen Arkeologia edo Historia gradua ikasi nahi nuela. Batxilergoaren bigarren urtearekin batera, ordea, zalantza pila bat sortu zitzaidan; kontua ez nuen uste bezain argi. Atzerrira joan nahi nuen ikastera, eta une batez, Kazetaritza gradua ikastekotan ere egon nintzen. Dena den, Historiako gradua Gasteizen ikastea erabaki nuen. Aukera ona egin nuela esan dezaket; ikasitako arloan lan egiteaz gain, hiriak inguru oso ederra eman dit.

Aranzadi zientzia elkarteko kidea zara. Nola sortu zitzaizun hara batzeko aukera?

Unibertsitateko lehen urtean, gaur egun oso lagun ona dudan Manex Arrastoak esan zigun uda hartan Aranzadik 1936ko gerrako indusketak egin behar zituela Adunan, Asteasun eta Zizurkilen [Gipuzkoa]. Izugarri gustatzen zitzaidan arkeologia irakasgaia, baina hori bakarrik ez; gerran eta diktadura garaian gertatu zena lehen pertsonan ezagutu nahi nuen. Ordurako gaiaz irakurrita nengoen eta pixka bat ikertuta nuen, baina horretaz hitz egiten nuen aldiro jendearengan isiltasuna eta deserosotasuna nabaritzen nituen. Beldurragatik? Edo gaiaz hitz egiteak zenbaiti mina sortzen ziolako? Bost urtez nire ikerketa gaia izan denez, gaur egun baditut galdera horientzako erantzunak. Gainera, garai hartan mundu berri bat ireki zitzaidan; izan ere, Adunan, Asteasun eta Zizurkilen egindako indusketek gero Amaiurren, Irulegin eta Auritzen indusketak egiteko bidea ireki zidaten. Poliki- poliki, udaro, metodo zientifikoan geroz eta formakuntza handiagoa hartzen joan naiz. Hori ez zen posible izango Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak elkartearen etorkizuna gazteongan ikusi izan ez balu.

Zein dira Aranzadin dituzun eginkizun nagusiak?

Memoria historikoaren taldearekin egiten dut lan. Herrika askotariko proiektuak ari gara egiten, memoria historikoan (1936-1959) eta gertuko memorian (1959. urtetik gaur egunera) izandako errepresioa eta giza eskubideen urraketak ikertuz. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta beste zenbait erakunde publikorekin elkarlanean ari gara, iraganeko egia historikoa argitzeko. Gaur-gaurkoz, Zestoako eta Zegamako memoria historikoari buruzko ikerketak ditut esku artean.

Arangurengo (Nafarroa) Irulegi mendiko indusketetan ere aritu zara lanean, ezta?

2017ko udan hasi nintzen Irulegiko indusketetan parte hartzen. Garai hartan, gazteluan aritu ginen industen; ni ez naiz Irulegiko eskua agertu den aztarnategia industen aritu. Aurrez indusketa horretan aritutako zenbait lagunek aurkezpenean egoteko aukera izan genuen, eta plazer hutsa izan zen halako momentu historiko baten lekuko izatea. Eskerrak eman nahi nizkieke talde horretako zuzendari eta koordinatzaile Mattin Aiestarani eta Leire Malkorrari zein taldea osatzen duten boluntario guztiei, baita komunikazio lantaldeari ere. Metodo zientifikoaren bidez urtez urte egin duten lan finari esker izan ez balitz, oso zaila izango zatekeen halako aurkikuntza horren egoera onean ateratzea. Taldean egindako lanaren emaitza bikaina izan da, eta hori da, finean, Aranzadiren oinarri nagusietako bat.

Zein da egun eskuartean duzun proiektu nagusia?

Aranzadin proiektu bat baino gehiago ditut zabalik, eta guztiekin nabil tematuta; ingurukoek badute horren berri, onerako edo txarrerako. Bitartean, 1936-1945 urteen artean Gipuzkoan errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten emakumeei buruzko doktoretza ari naiz egiten EHUn.

Zerk sortzen du zugan historia ikertzeko grina?

Historia garaikidea da nire ikerketa lerroa; zehazki, gerra eta diktadura frankistaren garaia. Orduko zenbait gertakizun historikok oraindik ere isilean jarraitzen dute. Isiltasun hori hausteak eta egia historikoa ikertzeak pizten du grina nigan. Era berean, gazteekin zein helduekin jarduten dut lanean. Artxiboko lanarekin batera, asko gustatzen zait helduei elkarrizketak egitea; izan ere, askok urte luzeen ostean isiltasuna hausten dute. Emozio handiko uneak izan ohi dira horiek, negarrak eta urduritasunak tarteko, elkarrizketatzen ditudan guztiek zerbait berria erakusten baitidate. Pertsona horiek guztiek pasatu dituztenak pasatuta, aurrera egiteko indarra eman eta egia historikoa jakiteko dagoen beharra aldarrikatzen didate. Gaur egun indusketetan gutxiago parte hartzen dudan arren, hori da gustatzen zaidan beste jardueretako bat. Urte hauetan egindako lagunekin egoteko aukera ere izaten dut indusketetan, eta horregatik, egun horiek oso bereziak izaten dira.

Bestalde, Aldundiaren Kultura Eskola programan parte hartzen ere ari gara, Memoria Historikoa Orainalditik ikastaroarekin. Gazteak ikerlari bihurtzen dira ikastaroan, eta, besteak beste, ikerlariok egiten dugun lana egiten dute dokumentazio historikoa baliatuta. Bi urte daramatzagu ikastaroarekin, eta emaitzak oso positiboak ari dira izaten. Era berean, Aranzadiko historialarion helburu nagusienetako bat da gure ikerketak ezagutaraztea, iragana ezagututa egungo gazteak gertatu zenaz jabetzeko. Izan ere, modu horretan etorkizun hobea eraikitzeko erremintak lortu ahal dituztela ulertzen dugu.

Zuloaga Bilboko Burdin Hesian, Larrabetzu parean.

Zer eskatzen du zure lanak?

Ahalik eta objektibotasun handiena izatea, eta horretarako, metodo zientifikoa erabiltzen dugu. Gure helburua da garaiko historia ahalik eta osoena jakitea. Horretarako, iturri ezberdinen beharra dugu, iturri idatziena zein ikus- entzunezkoena. Historialariok irakurtzen duguna interpretatzen eta idazten dugu, baina interpretazio horrek ahalik eta objektiboena izan behar du. Ezin dugu asmatu dokumentuek edo ikus-entzunezkoek esaten ez dutena. Zuhurrak izan behar dugu.

Sarritan aipatu duzu metodo zientifikoaren kontzeptua.

Historialariok metodo zientifikoa erabiltzen dugu historiako gertakizunak aztertzeko. Horretarako, lehen eta bigarren mailako iturrietara jotzen dugu, eta iturri horiek egiaztatzen ditugu. Oro har, lehen mailako iturriak ikertzen ditugu, oraindik ere interpretaziorik jaso ez dutenak baitira, hala nola udaletako artxiboak, Espainiako estatuko artxiboak eta nazioartekoak. Gertakizunak lehen edo bigarren pertsonan bizi izan zituzten pertsonengana ere jotzen dugu, horiek maiz dokumentazioan agertzen ez dena adierazten baitute. Beraz, metodologia zientifikoa da iturri ezberdinetatik datozen informazioa zuhurtziaz aztertzea eta hura egiaztatzea. Geroz eta iturri anitzago, metodologia zientifikoak emandako emaitzak are zuhurragoak izango dira. Ezinbestekoa da iturrietatik lortutako informazioa haren testuinguru historikoa kontuan hartuta analizatzea.

Zein da zuretzat historian egin den aurkikuntzarik handiena edo garrantzitsuena?

Historiaren prozesua bera da ezinbestekoa. Historiako pasarte guztiak garrantzitsuak dira, aztertuz gero, egungo mundua hobeto ulertzen laguntzen digute-eta horiek. Bat esatearren, ordea, Irulegiko eskua aukeratuko nuke.

Ba al duzu buruan era batera edo bestera aurkitu nahiko zenukeen ezer?

Historialariok historia asko dugu argitara ateratzeko oraindik. Hori da dugun helburua, eta historiako pasarte guztiak benetan nolakoak izan diren jakiterik izango ez badugu ere, ahalik eta historia osoena egitea da egokiena.

Historiako edo Historiaurreko garai bat aukeratzekotan, interesgarriena zein dela esango zenuke?

XX. mende osoa hautatuko nuke, hori baita erakargarrien iruditzen zaidan garaia. Sasoi horretan asko dago oraindik ikertzeko, ezagutzen ez ditugun gertakizun historiko dezente baitaude.

Gustatuko al litzaizuke herrira begira ikerketaren bat gauzatzea?

Bai, nola ez. Inguruko historia aztertzea edo ikastea erakargarriagoa da guztiontzat.

Zure zaletasunetan murgilduta, zer gustatzen zaizu egitea denbora librean?

Asko gustatzen zait irakurtzea, beste mundu batera eramaten nau eta. Batik bat, polizia nobelak ditut gustuko, baita liburu historikoak eta didaktikoak ere. Bestelakoan, musikazalea naiz. Liburu on bat, Brasilgo musika herrikoia eta itsasoari begira egotea, hori da ederrena. Musika zuzenean bada, gainera, hobe. Lagunekin eta familiarekin egotea ere asko gustatzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide