50. urteurreneko ospakizunei ekiteko prest dira Xabier Munibe ikastolan

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 15a, 10:50

Atzo Elkarguneko Oteiza aretoan egin zuten agerraldian. Xabier Barquero, erdian. (Aitziber Arzallus)

Dagoeneko zenbait ekitaldi prestatzen ari diren arren, otsailaren 27rako bilera irekia antolatu dute parte hartu nahi luketen guztiek izena eman dezaten. Elkarguneko Herriko Plaza aretoan izango da bilera hori, 18:30ean hasita.

Pandemiagatik hiru urtez atzeratu behar izan dituzte Azkoitiko Ikastola Xabier Muniberen 50. urteurreneko ospakizunak, "baina aurten bai, ospatuko dugu", horixe esanez hasi zuen Xabier Barquerok atzo arratsaldean Elkarguneko Oteiza aretoan egindako agerraldia. Ikastolako ikasle ohia eta 50. urtemugako ospakizunen koordinatzailea da Barquero. Agerraldian, alboan izan izan zituen guraso elkarteko kideak eta, parez parez, ikastolako hainbat irakasle eta guraso.

Orain dela hiru urte urtemugaren bueltan abian jarri zuten proiektuari jarraipena emanez, aurten, ikastolaren mende erdia ospatzeko hainbat ekitaldi egitea aurreikusten dutela azaldu zuen Barquerok, baita ekitaldi horien guztien oinarriak zeintzuk izango diren ere: "Kultur transmisioa, dokumentazioa eta parte hartzea sustatzea". Horretarako, jende askoren parte hartzea beharko dutela adierazi zuen, eta otsailaren 27rako bilera ireki bat antolatu dutela parte hartu nahi duen jendeak izena eman dezan. Elkarguneko Herriko Plaza aretoan izango da bilera hori, 18:30ean hasita, eta orduan irekiko dute izen ematea. "Lanerako prest daudenak taldetan banatuko dira, eta horiek egindako lanaren emaitzak urtean zehar joango gara ikusten".

Urteurrenaren bueltan dagoeneko zehaztuta dituzten hainbat egitasmoren berri ere eman zuen ospakizunen koordinatzaileak. Hasteko, ikastolako "hainbat pertsonaia esanguratsuri" egindako elkarrizketak Maxixatzen.eus-en jarriko dituzte irakurgai. Martxoaren 14tik 27ra, argazki erakusketa jarriko dute Portaleburu aretoan, ikastolaren 50 urteotan ateratako argazkiak biduta. Martxoaren 14an, zozketa bati hasiera ere emango diote. Xabier Munibeko gaurko eta lehengo komunitatearen parte diren herritarrek emandako gauzak bilduko dituzte eta, gero, bildutakoak hainbat sortatan banatu eta zozkatu egingo dituzte. "Horretarako bideo bat prestatuko dugu protagonisten aurpegiak ikusteko eta zozkatuko ditugun gauzen berri emateko". Martxoaren 18rako, berriz, kontzertua antolatu dute Baztartxo antzokian. 18:30etan hasiko da emanaldia eta pandero tailerreko ikasleek eta atzoko agerraldian ikusgai jarri zuten bideoko habanera abesten duten kideek parte hartuko dute. Horiez gain, hainbat ikasle ohi oholtzara abestera igoko direla ere esan zuen Barquerok.

Ikastolaren 50 urtetako ibilbidea biltzen duen bertso sorta.

Eta "egun handia" maiatzaren 13a izango da. Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte eta jolasak antolatuko dituzte herrian barrena, trikipoteoa egingo dute eta, 22:00etan, ekitaldi nagusia egingo dute plazan. "Musikaz, dantzaz eta kolorez betetako ekitaldia" izango dela aurretu zuen Barquerok, eta "hainbat diziplinaren bitartez, Xabier Munibe ikastolaren sorrera eta bilakaera" azalduko dituztela.

Horiek horrela, otsailaren 27ko bilera irekira azaltzeko eta lantaldeetan zein antolatutako jardueretan parte hartzeko deia egin zien herritarrei.