Erretratua

Lana, pasioz bizita

Saioa Murua 2023ko mar. 12a, 09:00
Amaia Eliasen erretratua. (Gorka LarraƱaga)

Amaia Eliasek barne diseinuko estudio batean lanean ari zela ezagutu zuen Marie Kondo antolatzaile, enpresaburu eta idazle ezagunaren metodologia. Berarengan izan zuen eraginaz ohartuta eta proiektu berritzaileagoak egitea amets zuela, estudio propioa irekitzeko pausoa eman zuen 2019an. Otsaileko Maxixatzeneko Erretratua da honako hau:

Barne diseinatzailea da Amaia Elias (Azkoitia, 1990). Duela 11 urte, lan kontuak tarteko, Azkoitia utzi eta Zarautzera joan zen bizitzera. Garai hartan, Barne Diseinuko ikasketak amaitu berri zituen gazteak, eta Billabonako estudio batean aritzen zen lanean. Han gustura sentitzen zen arren, "haratago" zihoazen proiektuak egin nahi zituen azkoitiarrak, eta beraz, bere kabuz lanean hastea erabaki zuen. Bada, gainera, barne diseinatzaileak erreferentetzat duen eta bere lanean eragina izan duen antolatzaile bat: Marie Kondo. "Eragin handia eta positiboa izan zuen Marie Kondok nigan. Ziur nengoen hark esaten zuena edonorentzat izan zitekeela baliagarria, eta ondorioz, nire lanaren ardatzetako bat da antolatzaile japoniarraren teknika. Bezeroak, nigana jotzen dutenean, beren bizitzako garai garrantzitsu batean aurkitzen dira, eta zerotik hastear den etapa da Marie Kondoren metodologia ezartzeko unerik onena, ohitura zaharrak ahazteko eta berriak eraikitzeko une egokiena baita".

Kondo oso ezaguna da txukuntasunari dagokionez, eta Elias haren jarraitzaile izanik, jendeak bera ere "zuzentasunarekin" lotzen du: "Jendeak uste du oso pertsona txukuna eta zuzena naizela, baina ez da horrela; bai, txukuna izaten ikasi dut, baina norbere egoerak eta etxeak izan ditzakeen mugek horretan eragin zuzena dute". Barne diseinatzaileak azaldu duenez, Kondoren metodologiaren inguruko iritziek edo zurrumurruek bezeroei nolabaiteko urduritasuna sortu izan diote, eta sentimendu horrek behartu izan ditu arropa guztia botatzera. Eliasen dioenez, ordea, bere proiektuen funtsa norberak duenaren jakitun izatea da. "Nola bizi nahi duten da bezeroei egiten diedan lehen galdera, eta hortik abiatzen da guztia. Galdera hori erantzuteko eta zehazteko prozesuan, norberak daukanaz eta behar duenaz ohartaraztea izaten da abiapuntua".

Elias eta Marie Kondo. (A. Elias)

Diseinatzaileak zeharo sinetsi zuen Marie Kondoren metodologian hasieratik, eta Londresera joatea erabaki zuen horretan sakontzeko asmoz. "Oso gustura" itzuli zen lau egun iraun zuen formakuntza hartatik; izan ere, teknikaz gehiago jakiteko ez ezik, metodologiak ahalduntzean izan dezakeen eragina gehiago aztertzeko baliagarria izan zitzaion. "Formakuntza hartan ulertu nuen norberaren ahalduntzerako zeinen garrantzitsua den daukazunaz ohartzea, eta, batez ere, aurrera begira zer eduki nahi duzun jakitea. Norberaren erabakia da ezjakintasunean bizitzen jarraitzea edo dugunaren kontziente izatea".

Pertsonen bizitzako une garrantzitsuenetako batean hasten da Eliasen eta bere taldearen lana, berak adierazi duenez: "Etxe bat erostea gure bizitzako erabakirik garrantzitsuenetako bat izan ohi da, eta une horretan, bezeroaren bizitzan sartzeak haren bidelagun izatera bultzatzen zaitu hein batean". Lan desberdinetan murgiltzerako, eskaria aintzat hartuta, Eliasek bezeroarekin sortzen den harremanaren araberako erabakiak hartzen ditu. "Nigana jo orduko bilera bat proposatzen diet, eta bertan sortzen den harremana izan ohi da lehen filtroa. Izan ere halako proiektuetan bezeroak inplikazio handia izan behar du; guganako konfiantzarik lortzen ez badugu, proiektua ez da aurrera aterako". Era berean, diseinatzailearen esku hartzea "ahalik eta txikiena" izatearen aldekoa da azkoitiarra: "Askotan, etxe bat erosi eta barne diseinatzaile batengana jotzen dugu hark gure etxeak nolakoa izan behar duen esango digun esperantzarekin, baina horrek ez luke horrela izan behar, denok ez baikara berdin bizi. Horregatik, guk ez dugu horrela lan egiten".

Urtez urte ari da azkoitiarra ibilbide profesionala osatzen, eta atzera begira jarrita, barne dekoratzaile gisa hasitako proiektua "bakarrik" sortu zuela aipatu du. Hain zuzen, horrek hainbat zailtasun eragin zizkiola adierazi du, bezeroek maiz ez baitzuten azkoitiarra lantokian aurkitzen: "Jendearekin egotea behar dut, eta haiek laguntzat har nazaten ere bai. Hori dela eta, nire estudiora jo eta inoiz ez nindutela aurkitzen entzuteak frustrazio handia sorrarazten zidan". Dena den, bere amets profesional gehientsuenak egia bilakatzea lortu duela adierazi du. "Benetan gustatzen zait egiten dudana eta pasioz bizi ohi dut proiektu bakoitza; bidaiatzen dudanean ere ez dut deskonektatzen". Madriletik zein Bartzelonatik iritsi zaizkio lan egiteko eskaerak, baina uko egin izan die horiei, "etxe inguruan" jardutea duelako gustukoen. "Bezeroekin oso estu lan egitea behar dut, eta horregatik, etxekoengandik gertu egotea oso garrantzitsua da niretzat". Era berean, badu oraindik desioren bat: "Nire ametsetako bat da aurrekonturik gabeko etxe handi bat diseinatzeko aukera izatea, filmetan eta aldizkarietan ikusten diren luxuzko etxe horietako bat".

Dena alderantziz

Eliasek 2019an ireki zuen bere estudioa, eta handik gutxira, mundua geratu zuen COVID-19ak. Mundua gelditu egin bazen ere, azkoitiarrak dio berak are gehiago mugitu behar izan zuela. "Pandemiak bete-betean harrapatu ninduen, baina sare sozialak nire lanaren erakusleiho bihurtu ziren, eta lanean gelditu ere egin gabe jardutea lortu nuen". Horrez gain, azken hilabeteetan izurriak zein materialen prezioen gorakadak eskaeren epeetan eragina izan dutela adierazi du.

Zentzu horretan, "garai gogorrak" bizi izan dituela esan du: "Oso zaila egiten zait bere bizitzako proiektuaren zain dagoen pertsonari lanen epeetan edo aurrekontuan aldaketak egon direla adierazi behar izatea, batez ere bezeroak, une batez, arriskuan ikus baitezake berarentzat hain garrantzitsua den proiektua".

Sare sozialetan oso aktiboa da Elias, baina horretan izaten du laguntza: Ariane Aldalur azkoitiarrak kudeatzen dizkio horietan dituen kontuak. Barne diseinatzailea naturaltasun handiz agertu ohi da sareetan, baina, hain zuzen, hark dioenez, horixe da gaizkien eramaten duen arloa: "Asko kostatzen zait sareetarako neure burua grabatzea, oso lotsatia bainaiz. 'Egin eta kito', pentsatzen dut, eta naturaltasun hori da bezeroei eta jarraitzaileei gehien gustatzen zaiena".

Motzean
  • Adina: 32 urte.
  • Lanbidea: barne diseinatzailea
  • Barne diseinatzailea ez banintz... loradenda bat izatea gustatuko litzaidake, nahiz eta desastre hutsa naizen horretan.
  • Amets bat: amatasuna nire lanak eskatzen duen inplikazio guztiarekin uztartzeko gai izatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide