Bizitza zartatuak

Ane Olaizola 2023ko mar. 5a, 09:04

Fernando Garcia, Jose Maria Pirisek duen monolitoan egindako aitortzan. (Argazkia: udala)

1980ko martxoaren 29an, Floreaga auzoan hil zen Jose Maria Piris, ETAk guardia zibil baten autoaren azpian jarri zuen eta autoa martxan jartzean askatuta lurrean gelditu zen bonba pakete bati ostikoa eman eta lehertuta. Fernando Garcia, berriz, larri zauritu zen. Bi lagunek 13 eta 11 urte zituzten orduan. ETAren bonba batek hildako aurreneko umea izan zen Piris. Erakunde publikoen aitortza jaso zuten biek iaz. Otsaileko Maxixatzen aldizkariko erreportajea da honako hau.

Martxoaren 29a zen, 1980. urtea. Larunbatero bezala, futbol partida bat jokatzetik zihoazen Jose Mari Piris (San Vicente de Alcantara, Espainia, 1966-Azkoitia, 1980) eta Fernando Garcia (Zamora, Espainia, 1968) etxera, Floreaga auzora, azken horren aitarekin eta beste mutiko batekin batera. Floreagan dagoen Atanotarren plazara iristean, hiru haurrak autotik irten ziren, eta Garciaren aita autoa aparkatzen hasi zen. Pirisek lurrean zegoen pakete bati ostikoa jo zion; ETAk auzoan bizi zen guardia zibil baten autoaren azpian jarritako bonba paketea zen, haren autoa martxan jartzean askatuta lurrean gelditu zen paketea. Pirisi lehertu zitzaion bonba hura, eta eztandaren ondorioz, unean bertan hil zen; Garcia, berriz, larri zauritu zen. ETAren bonba batek hildako aurreneko umea izan zen 13 urteko mutikoa.

Juan Antonio Pirisek 3 urte zituen anaia hil zenean, eta gertaera hartaz dakiena senideek kontatuta jaso duela adierazi du hark. "Gurasoak azokan zebiltzan, eta leherketa entzun zutenean, azkar igo ziren auzora. Amak esaten du une batez okerrena imajinatu zuela, eta okerrenarekin egin zuela topo. Izan ere, umeak beti plaza hartan aritzen ziren jolasean", azaldu du telefonoz bestaldetik Pirisek. Garciak, berriz, memorian gordea du 11 urte zituela bere larruan bizi izan zuena: "Autoaren barrutik ikusi genuen paketea, eta arreta piztu zuen gugan. Umeak izanik, hura aurrena nork harrapatuko hasi ginen jolasean. Vegak –autoan zihoan hirugarren umeak– presa zuen, eta hura zuzenean abiatu zen etxera. Jose Mari autoaren alde batetik irten zen, eta ni, Vegaren atzetik, bestaldetik. Ez dakit zenbat metrotara egongo nintzen, baina ez zidan astirik eman lehergailua zegoen lekura iristeko". Laguna unean bertan hil zen, baina Garcia ere "bete- betean" harrapatu zuen lehergailuaren uhin hedakorrak: "Momentuan, ez nintzen jabetu gertatu zitzaidanarekin. Deskarga elektriko oso-oso gogor bat bezalakoa izan zela gogoratzen dut. Ez nuen kontzientzia galdu, baina momentu hartan itsu geratu nintzen. Aitari deitzen nion. Airea falta nuen, eta ez zidaten uzten aurpegia ukitzen, erreta nuelako. Anbulantzia etorri zen gero, eta ospitalera eraman ninduten". Une hartatik aurrerakoa ez du gogoratzen azkoitiarrak. Hainbat egun igaro zituen Zainketa Berezien Unitatean, eta ondoren, bere onera etortzen hasi zen. "Medikuak ez ziren oso baikorrak, baina pixkanaka, aurrerapausoak ematen hasi nintzen. 11 urte izanik, sasoiko nengoen, eta eskerrak horri".

Lau hamarkada igaro dira ordutik, baina Pirisen senideek zein Garciak berak bizirik dute gertaera hark eragin zien guztia: "Bizitza eten zigun atentatuak". Pirisen senideek beren jaioterrira, San Vicente de Alcantarara, itzultzea erabaki zuten, biktimaren anaiak azaldu duenez: "Batetik, Jose Mariren hilketaren irudia genuen Azkoitian, eta gurasoek gertaera haren oroitzapena oso presente edukiko zuketen han jarraitu izan balute. Bestetik, garai hartan, biktimek eta haien senideek jasotzen zuten tratua ez zen gaur egungoa bezalakoa; esango nuke biktimek hiltzaileek baino erru handiagoa izaten zutela".

Pirisek anaia, eta Garciak "lagun mina" galdu zuen: "Garai hartan, umeok egun osoa kalean igarotzen genuen, eta biok auzo berekoak izanda, asko jolasten genuen elkarrekin". Garciak eta haren familiak Azkoitian jarraitu zuten bizimoduarekin, eta Garciak adierazi duenez, "ahal zuten moduan" egin zuten aurrera: "Bizi baino, biziraun egin genuen, horren ondorio guztiekin". Hasierako hilabeteak "oso gogorrak" izan ziren harentzat: "Ezin nuen lorik egin, amesgaizto izugarriak izaten nituen... Nire gaindi zegoen egoera". Ordea, aitortu du, umea izanik, ez zela gertatutakoaren jabe egin: "Ez nuen ulertzen zer gertatu zitzaidan". Horrez gain, biktima izaera "isilean" gorde zuen familiak, Garciak azaldu duenez: "Amak isilik egoteko esaten zidan. Urteetan barneratzen joan nintzen gertatutako guztia, eta orain ohartzen naiz gurasoek hartu zutena ez zela izan erabaki zuzenena. Dena den, garai hartan beraiek sentitzen zutena hori zen, isilik egon beharra. 80ko hamarkada oso gogorra izan zen, gurasoek beldurra zuten, eta ahal zuten ondoen babestu ninduten". Piris hil eta lau hilabetera, ETAren eskutitz bat jaso zuen haren familiak. Piris ez zela haren "jomuga" izan zioen: "Anaia hiltzea albo kaltea izan zela esan zuen ETAk eskutitz hartan, baina ez zuen atsekaberik adierazi. Horren ondotik, semerik eta anaiarik gabe bizitza berregiten saiatu ginen". Azkoitian jazo zen gertaeraren harira, Francisco Fernando Martin, Jon Agirre Agiriano, Josu Zabarte eta Jose Gabriel Urizar 23 urteko espetxealdira zigortu zituzten handik urte batzuetara, eta beste zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zieten haiei Garciari eragindako lesioengatik.

Jose Mari Piris, goian, eskuinetik bigarrena; Fernando Garcia, behean, ezkerretik aurrena. (Utzitakoa)

"Beharrezko aitortza"

Garai hartan babes "urria" jaso zutela gogoratzen dute Garciak eta Pirisek, batez ere erakundeei dagokienez. Hala dio bonba lehertuta hil zen umearen anaiak: "Extremaduran ondo hartu gintuzten, baina jendeak ez zuen gurekin gaiaz hitz egiten. Erakundeen aldetik, berriz, babesgabe sentitu ginen, eta indemnizazioaz harago, ez ziguten bestelako laguntzarik eskaini; psikologikoa, esaterako". Ildo beretik hitz egin du Garciak ere: "Ez genuen deirik jaso; inork ez zidan galdetu zer moduz nengoen. Erakundeek abandonatu egin gintuzten. Herriari, berriz, ezin genion ezer eskatu, are gutxiago orduko testuinguru hartan; errespetua, besterik ez". Horri lotuta, Garciak azaldu du "beti" errespetatu izan dutela Azkoitian.

Garcia: "Iaz jasotako aitortzak lagundu dit mina onbideratzen hasteko"

Erakunde publikoek iaz egin zieten aurrenekoz omenaldia Piris zein Garcia sendiei, gertaera hura jazo zenetik 42 urtera –hasiera batean 2020an ziren egitekoa, baina atzeratu egin zuten, izurriagatik–. Hildakoaren oroimenez Floreaga auzoan jarrita dagoen monolitoaren ondoan elkartu ziren haren senideak, Garcia eta haren gertukoak nahiz erakundeetako ordezkariak. Pirisek zein Garciak azpimarratu dutenez, "beharrezko aitortza" izan zen ekitaldi hura, baina "lehenago" egin behar zuketela uste dute. Era berean, omenaldi hura Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak sustatu izana "adierazgarria" deritzo azkoitiarrak.

Garciarentzat berebizikoa izan zen iazko aitortza; aurrera egiteko "katarsia". Izan ere, urteetan barnean zeramana kanporatzen hasteko bulkada izan zen egun hura. "Mina onbideratzen hasten lagundu dit. Gertatutakoa isilean irensten aritu naiz urte askotan, normalena hori zela pentsatuz. Baina ezagutzen ez nituen hainbeste pertsonen maitasuna jaso nuenean, lehertu egin nintzen". Lau hamarkadaz betetzen aritu zen edalontziak "gainezka" egin zuela eta, tratamendu psikologikoari ekin zion: "Omenaldiaz geroztik hasi naiz atentatuaz hitz egiten. Orain ari naiz aurrera egiten eta barrukoa kanporatzen, lagunen, ingurukoen eta psikologoaren laguntzarekin". Pirisen hitzetan ere, "eskertzekoa" bezain "garrantzitsua" izan zen herrian egin zieten aitortza. Baina gogorra ere bai, orduko "oroitzapen guztiak" berriz bizi ahal izan zituztelako. Gizarteak gertaera hura ez ahaztea nahi du sendiak, eta horretarako, hitzaldiak eskaintzen ditu Pirisek Extremadurako eskoletan. Izan ere, Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kidea da, eta ETAren beste biktima batzuekin bizipenak partekatzea "lagungarria" dela azpimarratu du hark: "Horrela, ez zaudela bakarrik ikusten duzu. Gaiaz libreki eta eroso hitz egin dezakezu beraiekin, guztiok igaro garelako egoera beretik eta gertatuak antzeko moduan eragiten digulako".

Piris: "Eskertzekoa eta garrantzitsua izan zen omenaldia, baina baita gogorra ere"

Barneko eta azaleko zauriak

Martxoaren 29ko gertaera hark sortutako "zama" bizkar gainean dute bi familiek, eta azpimarratu dutenez, orduan agertu zen itzala gaurdaino iritsi da. Hala dio Pirisek: "Sentimenduek bizirik jarraitzen dute familian. Ama tratamendu psikologikoa ari da jasotzen azken 43 urteetan, depresioa duelako". Antzeko hitzak izan ditu Garciak ere: "Nire ama oso sentibera zen, eta bihotza zatitu zion gertaerak. Atentatuaz geroztik, obsesionatu egin zen; ikaratu egiten zen kalera irten behar nuen bakoitzean, halako zerbait berriz gerta zitekeela pentsatzen zuelako. 54 urterekin hil zen, bihotzekoak jota; ezin zuen gehiago".

Garciak azpimarratu du antsietatea jasan izan duela azken urteetan, baina depresiorik ez, "jarrera baikorra" duelako bizitzarekiko. Azkoitiarrak orbainak ditu aurpegian eta eskumutur batean, eta bistaren zein entzumenaren zati bat galdua du egun: "Lehen, zerbait ikusten eta entzuten nuen eskuinaldetik; orain, ezer ez. Ezkerreko begitik, berriz, %50 ikusten dut, eta katarata bat daukat. Ezkerreko belarriko entzumenaren %60 ere galduta dut. 54 urte ditut, baina 80 urteko batek baino gutxiago ikusten eta entzuten dut". Azpimarratu duenez, umetan izandako ezbehar haren ondorioek "goitik-behera" eragin dute Garciaren bizimoduan; besteak beste, lana aurkitzeko garaian. Eta adinean aurrera egin ahala, agerikoago egin zaizkio ondorioak. "18 urterekin Realak fitxatu ninduen, baina mugak nituen. Beharbada, oztopoak eduki izan ez banitu, bestelako ibilbidea izango nukeen futbolean. Gaztea zarenean indarra izaten duzu, baina heltzen ari zaren heinean, gehiago pisatzen dute egunerokotasunean dituzun mugek".

Juan Antonio Piris. (Utzitakoa)

Azken urteetan, zauriak ixten saiatu dira bi familiak, eta elkarrekin egin duten harremanak horretan lagundu egin die. "Nire amak betidanik zuen Fernando ezagutzeko gogoa, eta liburuaren atal bat ixten lagundu digu harekin harremana hasteak", adierazi du Pirisek. Izan ere, Pirisen familia Espainiara bizitzera joan zenean, harremana galdu zuten bi sendiek. Duela hiru urtetik ezagutzen dute elkar Garciak eta Pirisek, eta Azkoitian egin zieten omenaldian elkartu ziren lehenengoz. Haiek adierazi dutenez, topaketa hark balio izan zien bi familien hartu-emana estutzeko. Hala azaldu du Pirisek: "Iaz, Garciak Extremadurara zetorrela esan zidan, eta gurasoak bisitatzeko modurik izango al zukeen galdetu zidan". Garciak dioenez, hunkigarria izan zen: "Pirisen gurasoak ezagutzea falta zitzaidan zauri bat itxi ahal izateko. Emozio handiko elkartzea izan zen, eta asko lagundu zidan haiek besarkatzeak".

Piris: "Niri anaia kendu zidaten, eta familia osoa izorratu zuten. Hori ezin da barkatu"

Dena den, zauri guztiak ixtea "ezinezkoa" dela uste du batak zein besteak. Zentzu horretan, gertaera haren gaineko sentipenak berberak dira lehen eta orain Pirisentzat. "Ez dut [gertaera] ez ahazten, eta ez barkatzen. Norbaitek barka badezake, berak ikusiko du... Niri anaia kendu zidaten, eta familia osoa izorratu zuten. Hori ezin da barkatu". Haren ustez, "ezin" da esan anaia hiltzea albo kaltea izan zenik: "Albo kalteak gerretan egoten dira". Horrez gain, ETAko zenbait presok eta haren zenbait biktimak egin izan dituzten elkarrizketez ere hitz egin du hark: "Beharbada, batzuei zerbaitetarako balio izango die, baina ni ez nintzateke nire anaiaren hiltzaileen aurrean eseriko, besteak beste, ez dakidalako zer erreakzio izango nukeen". Garciak azaldu duenez, berari ere proposatu izan diote elkarrizketa horietako batean parte hartzea: "Ezagutzen dut hori egin duenik, eta ondo iruditzen zait. Balio izan badio, zoragarri, errespetatzen dut, baina nik ezin dut".

Fernando Garcia. (Ane Olaizola)

Garcia: "Ezintasuna, mina eta batez ere tristura sentitu dut; gorrotoa, ordea, inoiz ez"

Pirisen kasuan ez bezala, 1980an izan zen gertaera hark sortutako sentimenduak aldatzen joan dira Garciarenean. "Hasieran, kostatu egin zitzaidan zer gertatu zen ulertzea. Gero, adinean aurrera egin ahala, amorrua sentitzen nuen; ezintasuna, mina, eta, batez ere, tristura. Gorrotoa, ordea, inoiz ez dut sentitu". Bada, halere, bere buruari "behin eta berriz" errepikatzen dion galdera bat: "Zergatik?". Haren ustez, "zentzurik gabeko zoramen kolektiboa" izan da Euskal Herriko gatazka politikoa: "Pertsona zibilen kontra egitea, zer gatazka mota da? Ez dago justifikaziorik indarkeriarentzako. Familia osoak hautsi dira, alde batekoak zein bestekoak, eta zer lortu dugu? Gaur egun gauden egoerara irits gintezkeen hainbeste heriotza eta min eragin gabe". Azkoitiarren hitzetan, "atzean utzi" behar da gertatutakoa, eta "aurrera egin, egoera gainditu". Era berean, batez ere belaunaldi berriek informazioa izatea premiazkotzat jo du hark, "gertatutakoa ez dadin errepikatu".