Suitzan sortutako Hubris taldeak kontzertua eskainiko du bihar Matadeixen

Andoni Elduaien 2023ko ots. 20a, 09:00
Hubris musika taldeko musikariak. (Hubris)

Suitzan sortutako musika taldeak 20:00etan eskainiko du kontzertua bihar, Matadeixen. The One Above disko berria aurkeztuko dute han, eta musikazaleek post-rock instrumental doinuak entzuteko aukera izango dute.

Bihar, asteartea, Hubris musika taldeak post-rock instrumental doinuak eskainiko ditu Matadeixen. Hilaren 11n ekin zioten neguko Bebarruko Jardunei, eta bihar, asteartea, izango du jarraipena jaialdiak. 20:00etan hasita, 2014. urtean Friburgon (Suitza) sortutako musika taldea igoko da Matadeiko oholtzara.

Europa mailako bira ari da egiten Hubris, eta bihar, Azkoitian egingo du geldialdia taldeak, The One Above azken lana aurkezteko. Disko horretan, aurreko hiru albumetan bezala, greziar mitologian sakondu du taldeak. Kontzeptu gehigarri bat gehitu du taldeak, ordea, Platon filosofoaren lanak eta haitzuloaren alegoria aztertuz. Hain justu, lau zatitan banatu dute alegoria diskoan.

Jonathan Hohlek nahiz Matthieu Grilletek (gitarra), Nathan Grosek (bateria) eta Lucien Leclercek (baxua) osatzen dute Hubris taldea. Woodkid, Jon Hopkins, This Will Destroy You, Sigur Ros eta The Contortionist taldeen zaleentzako moduko abestiak eskainiko ditu Hubris taldeak Matadeixen. Kontzerturako sarrera 7 euroan salduko dute aretorako sarreran.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide