Xeyeko alebin neskak txapeldun, Gipuzkoako Eskolarteko Kros Txapelketan

Andoni Elduaien 2023ko ots. 14a, 08:36

Xeyeren Xabier Munibe Ikastolako neskak eta entrenatzaileak, txapeldunaren koparekin. (Argazkiak: Xeye)

Herenegun, igandea, jokatu zuten txapelketa Legazpin (Gipuzkoa), eta Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko neska azkoitiarrak punta-puntan aritu ziren albinen eta infantilen lasterketetan.

Xeyeren Xabier Munibe Ikastolako alebin neskek Gipuzkoako Eskolarteko Kros Txapelketa irabazi zuten herenegun, igandea, Legazpin (Gipuzkoa). Urtatza-zahar parkean jokatu zuten txapelketa, eta Xeye atletismo taldeko neskek emaitzak onak lortu zituzten. Xeyeren Xabier Munibe Ikastolako alebin neskek txapelketa irabazi zuten, eta bigarren sailkatu ziren Azkoitia BHIko infantil neskak.

Bost lasterketa izan ziren guztira herenegun, Legazpin. Neskek eta mutilek banatuta egin zuten korrika kategoria bakoitzean. Infantil mailako probetan 2.550 metroko zirkuituari egin behar izan zioten aurre, eta alebin mailako korrikalariek 1.750 metroko ibilbidea osatu behar izan zuten.

Lasterketa bakoitzeko lehen sei sailkatuek hurrengo astean, hilak 26, toki berean jokatuko den Euskadiko Txapelketarako pasea eskuratu zuten. Txapelketa horretara joateko taldeak aukeratzeko baliagarria ere bazen Legazpin jokatutako krosa. Eskola bakoitzak lau kide aurkeztu behar zituen taldea osatzeko, eta hori horrela, han izango dira Azkoitia BHIko korrikalariak.

Xeyeren Azkoitia BHIko infantil nesken taldea.