Amaia eta Miren Aizpuru azkoitiarrak, Itaiaren pala txapelketako txapeldun

Andoni Elduaien 2023ko ots. 13a, 16:51

Lau finalistak, Azpeitiko Frontoi Txikian. (Argazkiak: utzitakoak)

Ahizpa azkoitiarrek irabazi zuten herenegun, larunbata, Azpeitiko Frontoi Txikian jokatutako finala. Nagore Arzallus eta Miren Altuna izan zituzten aurkari haiek.

Azkoitiko Amaia eta Miren Aizpuruk irabazi dute Urola Erdiko Itaiaren bikotekako Emakumeon I. Pala Txapelketa. Herenegun, larunbata, jokatu zituzten txapelketaren finalaurrekoak eta finala Azpeitiko Frontoi Txikian, 10:00etan hasita, eta final nagusian azkoitiarrek 22 eta 11 hartu zituzten mendean Nagore Arzallus eta Miren Altuna.

Amaia Aizpuruk Karmele Martinez de Caberosekin eman zuen izena txapelketarako, baina larunbatean ezin izan zuen parte hartu lehian, eta haren ordez aritu zen Miren ahizpa.

Guztira, hamahiru bikotek parte hartu dute aurtengo txapelketan. Finalaurreko partidak jokatu zituzten atzo aurrena, eta ondoren, 12:00 aldera, izan zen finala. Sariak banatu ondoren, bazkaria egin zuten Azpeitiko Azoka Plazan, eta horrekin eman zioten bukaera txapelketari.