Anaitasuna, gozotik eta gazitik

Andoni Elduaien 2023ko ots. 12a, 14:34

Anaitasunako jokalariak garaipenaren gola ospatzen. (Anaitasuna)

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak 1 eta 0 hartu zuen mendean Eibar. Gizonen lehen taldeak, berriz, luzapenean 2 eta 1 galdu zuen Arrigorriagan (Bizkaia).

Asteburuak gozotik eta gazitik izan du Anaitasunarentzat. Emakumeen lehen taldeak 1 eta 0 irabazi zuen atzo, larunbata, Txerloian. Anaitasuna eta Marea Urdina eguna borobildu zuen garaipenarekin Mikel Barqueroren taldeak. Ordea, txanponaren beste aldean dago gizonen taldea. 2 eta 1 galdu zuen Padura taldearen aurka Arrigorriagako (Bizkaia) Santo Cristo zelaian.

Oreka handiko lehia jokatu zuten Anaitasunako emakumeek eta Eibarrek Txerloian. Inklusioaren aldeko festarekin hasi zen lehia. Realeko Genuine taldeko lagunak, Marea Urdinako kideak eta bi futbol taldeetako jokalariak nahiz ordezkariak elkarrekin atera ziren berdegunera, Marea Urdina zihoen oihal erraldoi bat eskuetan hartuta. Hura lurrean jarri, eta aurreskua dantzatu zioten dantzariek protagonista horiei guztiei. Marea Urdinako sei lagunek, berriz, ohorezko sakea egin zuten zelai erditik. Juli Arregik, aldiz, irrintzi latza bota zuen berdegunetik, inklusioaren mezua lau haizeetara zabalduz.

Pare-parean hasi zuten lehia bi taldeek, eta inork ez zuen kontrolpean izan lehia. Aukera nabarmenenak bigarren zatian sortu zituzten. 75. minutuan, penaltia ere izan zuen alde Anaitasunak, baina atezainak ekidin zuen gorritxoen lehen gola. Dena den, norgehiagoka amaitzeko hiru minuturen faltan, 87. minutuan, Maria Juaristi aurrelariak egin zuen Anaitasunaren gola. Inklusioaren aldeko gola egitea lortu zuen hark, bide batez taldeari urrezko hiru puntu emanez.

Garaipen garrantzitsua lortu zuten Barqueroren neskek Txerloian, zaleen aurrean. Egun, 24 puntu ditu taldeak, eta sailkapeneko hamabigarrenak dira. Datorren asteburuan, San Ignacio 'B' taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gorritxoek, sailkapeneko azken postuetan dabilen taldearen kontra.

Kolpe latza, Arrigorriagan

Xabi Artetxek zuzentzen duen taldeak 2 eta 1 galdu zuen atzo arratsaldean Arrigorriagako Santo Cristo zelaian. 21. minutuan hartu zuen aurrea etxeko taldeak, hegaletik erdiraketa egin eta buruz baloia errematatua hura sareetara bidaliz. Aukera gutxi sortu zituzten azkoitiarrek Arrigorriagan, baina lehen zatia amaitu aurretik zerbait hurbildu ziren aurkariaren atera. Joko zuzena eginda lortu zuten aurkariaren zelaian jokatzea.

Bigarren zatira lehia berdintzea atera ziren Artetxeren mutilak, eta azken 25 minutuetan aukera bat baino gehiago egin zituzten banakoa egiteko, hala nola Pastrik eta Julen nahiz Mikel Aramendik. Partida amaitzear zela, 90. minutuan, Dani Marinek egin zuen banakoaren gola. Urrutitik egin zuen jaurtiketa zarauztarrak, eta hala lortu zuen lehia berdintzea. Dena den, 93. minutuan egin zuten arrigorriagarrek bi eta batekoaren gola.

Jasotako kolpea handia izan zen. Hutsetik puntu bat poltsikoan izatera igaro zen taldea, baina segundo gutxian berriz esku hutsik utzi zituzten bizkaitarrek azkoitiarrak. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko zortzigarrena da Anaitasuna, 23 punturekin. Datorren asteburuan, Cultural Durango taldea izango dute aurkari gorritxoek Txerloian, 16:30ean.