Inklusioaren aldeko gola, Txerloian

Andoni Elduaien 2023ko ots. 11a, 14:08

Anaitasuna futbol taldeak eta Marea Urdina elkarteak kirola eta inklusioa uztartu dituzte gaur, Txerloia futbol zelaian. Goizean goizetik, giro ederrean ari dira dozenaka lagun futbolean eta jolasean. Goiza eta arratsaldea lotzeko, bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, omenaldiak eta zozketak egingo dituzte Anaitasunako emakumeen lehen taldearen partidan.

Anaitasunak eta Marea Urdinak inklusioaren aldeko gola sartu dute gaur, larunbata, Txerloian. Kirola eta inklusioa ardatz hartuta antolatu dute bi eragileek Anaitasuna eta Marea Urdina eguna herriko futbol zelai horretan.

Partida inklusibo batekin hasi dute egitasmoa: Realeko Liga Genuine eta Anaitasunako emakumeen taldeak jokatu dute lagunartekoa. Norgehiagoka hasi aurretik, ordea, Leire Esnal Realeko taldekide zumaiarrari omenaldia egin diote; izan ere, pala egokituko txapelketa bat baino gehiago irabazi du hark. Aritz Aranbarri Reala B taldeko futbol jokalari azkoitiarrak entregatu dizkio Esnali txapela eta Realaren banderatxoa. Realeko entrenatzaileek, ostera, taldeko irudia jasotzen duen koadroa oparitu diote zumaiarrari. Ondoren, aurreskua dantzatu dute Sahatsako bi dantzarik, Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta.

Taldeko argazkia atera eta Jose Mari Flores futbol epaileak hala agindu duenean, hasi dira bi taldeetako jokalariak futbolean; taldeak nahastuta osatu dituzte. Jokalariek ez dute animo faltarik izan, lagun ugari elkartu baita Txerloian lehia ikusteko. Berdegunetik, ordea, erantzun ona eman diete jarraitzaileei, gol sorta ederra eskaini baitiete haiei. Ondoren, sentsibilizazio jolasak egin dituzte futbol zelaiaren atarian. Makuluekin nahiz gurpildun aulkiekin eta belaunetako mugikortasuna mugatzeko tresnekin jolasean aritu dira hainbat lagun. Marea Urdinako eta Azkoitiko Gazte Zerbitzuko kideek dinamizatu dituzte jolasak.

Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako trikitilariek eta pandero-jotzaileek ere parte hartu dute egitasmoan, horiek kalejira eskaini baitute eguerdian. Era berean, salda eta hanburgesa pintxoak ere eskaini dituzte jendearen jan-edanerako gosea asetzeko.

Egunaren jarraipena, arratsaldean

Anaitasunak eta Marea Urdinak antolatutako egunak arratsaldean izango du jarraipena. Hasteko, bazkaria egingo dute Txerloian bertan. Goizean goizetik ari dira 250 bat lagunentzat paella prestatzen han, eta bertaratzen direnek paella bazkaltzeko aukera izango dute; bazkarirako tiketak bi euro eta erdian ari dira saltzen.

16:30ean, berriz, Emakumeen Euskal Ligako partida jokatuko du Anaitasunak Eibarren kontra, Txerloian. Hasiera berezia izango du norgehiagokak; izan ere, dantzariak izango dira, Juli Arregik irrintzia botako du eta Marea Urdina elkarteko kideek ohorezko sakea egingo dute. Horrez gain, zozketa bereziak egingo dituzte atsedenaldian. Urbanue autobus zerbitzua ere Txerloira joan-etorriak ari da egiten. Hain justu, geldialdi berezia egiten du futbol zelaiaren parean, Eroski saltokira iristen den lineari dagokionean.