70 bat kiderekin ekingo dio denboraldiari Azkoitri triatloi klubak

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 11a, 11:27
Azkoitri klubeko kideak taldearen aurkezpen ekitaldian, Oteiza frontoietan. (Ihintza Elustondo)

Azkoitiko triatloi klubak denboraldiko aurkezpena egin du goizean, Oteiza frontoietan. Inoiz baino emakume gehiago batu dira klubera: bost, hain zuzen ere. Otsailaren 18an ekingo diote sasoiari, Zornotzan (Bizkaia).

Azkoitri Azkoitiko triatloi klubak denboraldiko aurkezpena egin du gaur goizean, Oteiza frontoietan. Hain zuzen ere, bertan izan dira klub horretako hainbat kide, eta aurtengo sasoirako prestatu dituzten jantziak soinean atera dute argazkia. 70 bat kiderekin ekingo dio sasoiari klubak, otsailaren 18an, Zornotzan (Bizkaia). Amorebieta-Etxanoko Taldekako Erlojupeko Duatloia jokatuko dute egun horretan.

Azkoitri Azkoitian errotutako kluba den arren, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako kideak ere badira klubean. Aurten, gainera, inoiz baino emakume gehiago batu dira klubera: bost, hain zuzen ere. Klubeko ordezkariek nabarmendu dutenez, duela bizpahiru urtera arte ez zegoen klubean emakumerik, eta garrantzitsua iruditzen zaie pixkanaka horiek ere triatloia praktikatzera animatzea. Oraingoz, hamabost pertsona federatu dira, baina urte bukaerarako, 30-35 bat izango direla aurreikusten dute Azkoitriko kideek. Klubeko kide batzuek duatloietan parte hartzen dute, beste batzuek triatloia praktikatzen dute, eta beste batzuek, berriz, bi modalitateak uztartzen dituzte.

Azkoitri triatloi kluba 1992an sortu zen, eta azken urteetan bezala, triatloiari bultzada emateko lan egingo dute aurtengo sasoian ere. 2022an, gainera, Triatloi Euskal Zirkuituko hirugarren talderik onena izan zen Azkoitri. Aitor Beneitez Azkoitriko lehendakariak azaldu duenez, inguruotan "jende dezentek" praktikatzen du triatloia, eta "indartsu" dago kirol praktika hori. Apirilaren 29an eta 30ean Azkoitiko Duatloiaren hainbat proba jokatuko dituzte, eta data horietara begira lanean ere ari dira dagoeneko Azkoitriko ordezkariak.

Urtean zehar norbaitek Azkoitri klubera batzea nahiko balu, ez dagoela horretarako arazorik adierazi dute klubeko ordezkariek.

Marea Urdinari keinu egin diote taldeko kideek. (I. E.)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide