Azkoitiarrek jaso dituzte 41. Bizenta Mogel ipuin lehiaketako lehen bi sariak

Andoni Elduaien 2023ko ots. 11a, 09:16

"Hogeitaka" lan aurkeztu dira aurten ere lehiaketara, eta epaimahaiak Maite Lopez Las Heras idazle azkoitiarraren Haize hego lana hautatu dute irabazle bezala. Juan Ramon Alberdiren Zuhaitz eroriaren adaxka lanak jaso du bigarren saria, eta hirugarrena, Gotzon Plaza bilbotarrak idatzitako Aingerutxo beltzak ipuinak.

Bizenta Mogel ipuin lehiaketako sariak banatu zituzten atzo, ostirala, udaletxeko bilkura areto nagusian egin zuten sari banaketa ekitaldian. Beste urte batez, Bizkargi eskolako piano jotzaileek girotuta ekarri zuten gogora Bizenta Mogel idazle azkoitiarra. Hain justu, haren omenez Azkoitiko Udalak eta Kultur Elkarteak elkarlanean antolatutako literatur lehiaketaren sariak banatu zituzten udaletxean.

Euskarazko literatura sustatzeko lehiaketaren 41. edizioa izan da aurtengoa, eta guztira "hogeitaka" lan aurkeztu dituzte. Sonia Vazquez Kultura zinegotziak gidatu zuen saioa, eta hark adierazi zuen Azkoitiko ipuin lehiaketan "hitza" dela protagonista, "hitz idatzia, ahoskatua, irakurria; hitza beti". Udalak duela aste batzuk jakinarazi zituen aurtengo irabazleak, eta lehen bi sariak idazle azkoitiarrek eskuratu dituzte. Maite Lopez Las Herasek jaso zuen lehiaketako irabazlearen saria Haize hego lanagatik. Juan Ramon Alberdik, berriz, Zuhaitz eroriaren adaxka lanagatik jaso zuen bigarren saria. Hirugarren saria Bilbora joan da aurten, Gotzon Plazak idatzitako Aingerutxo beltzak ipuina nabarmendu baitute postu horretarako. 

Javier Zubizarreta alkateak ere hartu zuen hitza, eta hark nabarmendu zuen "Azkoitiko bi emakume handi oroitzea" egokitu zela atzo herrian, Bizenta Mogeli eta Julene Urzelairi erreferentzia eginez. "Bi emakume, bi istorio. Biek emango lukete eleberri eder bat idazteko adina eduki. Herri bezala, historian zehar ekarpen aipagarria egin duten emakumeei beraien tokia ematea dagokigu", adierazi zuen alkateak. Haiek "berdintasunaren eta euskararen alde" egin zituzten aldarrikapenak aipatu zituen alkateak. "Ausartak izan ziren, bizitzari pasioz eusten ziotenak, euskara zainetan baitzeramaten. Bizenta Mogelek berdintasunaren eta euskararen alde erakutsitako kontzientzia hark ekarri gaitu gaur hona". 

Vazquezek Azkoitiko Kultura Elkarteko Patxi Alberdiri eman zion segidan hitza, hura izan baita aurten ere epaimahaikideetako bat. Lehiaketa "osasun onarekin" aurrera doala nabarmendu zuen, eta saritutako hiru lanen balorazioa egin zuen. Haize hego ipuin irabazleari buruzko hitzak izan zituen lehenengo: "Esaldi motzak erabiltzen ditu autoreak, eta arintasuna nabaritzen da lanean; ipuina, benetan, oso samurra da. Erraz irakurtzeko modukoa da, eta dezente erabiltzen ditu aberastasun konparaketak", adierazi zuen epaimahaikideak. Juan Ramon Alberdiren lana ere baloratu zuen hura Alberdik: "Diskurtso jatorra darabil autoreak. Nahikoa dramatikoa da gaia, baina irakurterrazam gozatzeko modukoa". Hirugarren saria, aldiz, honako hitzak izan zituen: "Hizkuntza ondo zainduta dago, etxeko giroan oinarrituta dagoen ipuin honetan".

Ondoren iritsi zen sariak jasotzeko unea. Marijose Arregi Euskara zinegotziaren eskutik jaso zuen bigarren saria Alberdik, eta alkateak eman zion garaikurra irabazleari. Lopezek herriari eta Bizenta Mogeli egin nahi izan zion erreferentzia saria jaso ostean. "Ohore bikoitza da niretzat Bizenta Mogelen sariketan saria jasotzea. Batetik, nire jaioterrian egiten den lehiaketa bat delako, eta bestetik, emakume baten izena daraman saria izateagatik. Pozgarria da oso euskara nahiz literatura uztartu eta biak indartu nahi dituen lehiaketa bat Azkoitian antolatzea. Herrian bizi ez garen azkoitiarroi, herrimina baino, herripoza ematen digu".

Ekitaldia ixteko, Vazquezek jakinarazi zuen ipuin lehiaketako ipuin sarituen liburua argitaratu duela udalak. Hain justu, labetik atera berri dute 2019-2022 edizioetako saritutako lanak jasotzen dituen liburua. 

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide