Eduki babestua

Heziketa, familiaren aterkipean

Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 18:00

Azpeitiko Ikastola Ikasberriren hezkuntza proiektuan euskara eta euskal kultura, taldelana, herritartasuna, aniztasuna eta ikaslearen jarraipena dituzte oinarri. Bide horretan, hezkuntza komunitatearen parte diren denen hondar aleak batzen dituzte.

Jaioberria munduratzen deneko aurreneko negarra gurasoen besoek bakarrik arintzen dute. Beso horiek betirako babesa eskaintzen dute, nahiz eta ume hori etxetik joan bere bidea egiteko. Haurra bere bidea urratzen hasten denean, Azpeitiko Ikastola Ikasberri bilakatu ohi da haren bidelagun. Izan ere, gurasoekin batera, bere gain hartzen du Ikastolak 0 eta 18 urte arteko ikasleen zaintza, heziketa eta babesa.

Ikastolako proiektuak duen indarraren erakusle dira Mikel Zinkunegi eta Irene Valverde jorratzen ari diren bidea. 1996. urtean, Ikasberriren eraikina egin zenean, 3 urte zituen Zinkunegik, eta Ikastolako ikaslea zen. Bertako irakaslea zen, berriz, Valverde. 26 urteren ondoren, lankideak dira biak Ikastolako Lehen Hezkuntzako zikloan. "Ikastolako ibilbidea amaitu eta gero, kanpora irtetean, ohartzen zara Ikasberrik emandako guztiaz. Gainera, zorte onekoa naiz, irakasle izandakoak lankide baititut orain, eta lehen egunetik semetzat, lankidetzat, hartu naute", azaldu du Zinkunegik.

Garbi dute biek ala biek hitz batekin deskribatuko luketela Azpeitiko Ikastola Ikasberri: familia. "Komunitate desberdinekin osatuta dagoen familia bat da Ikastola, hala nola ikasleak, gurasoak, irakasleak, langileak... Eta kide denok helburu berberak ditugu, betiere, ikaslea ardatz dela. Denok osatzen dugu hezkuntza komunitatea, eta denon artean adostutako hezkuntza proiektua dugu", azaldu du Valverdek.

Izan ere, Ikasberrik garbi ditu etorkizuneko pertsonek izan behar dituzten ezaugarriak: euskaldunak, emozionalak, parte hartzaileak, ekintzaileak, komunikatzaileak, kritikoak, autonomoak, enpatikoak, osasuntsuak eta sortzaileak izan behar dute. Eta hori guztia lortzeko egiten dute lan Ikastolan.

Hezkuntza proiektuaren oinarrian dauden balioak dira euskara eta euskal kultura, talde lana, aniztasuna eta ikaslearen jarraipena. Haurrekin egiten duten ekintza edota lan bakoitzak oinarri horietan du funtsa. "Gainera, metodologia berriarekin adinak eta mailak nahasten ditugu, elkarrengandik eta elkarrekin ikas dezaten. Hiru ikasmaila batuta, helduenak laguntza eskaintzen dio gazteenari, eta irakaslea bidelagun hor egon ohi den arren, behaketa lanean, ikasleek beren ikasketa propioa egiten dute", azaldu du Zinkunegik.

Pertsona ardatz

Hala ere, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren abiapuntua eta helmuga pertsona eta ikasle bakoitza da. Ikasle bakoitzaren etengabeko jarraipena egiten dute. "Astean zehar ikasle bakoitzaren jarraipena egiteaz gain, ziklo edo etapa arteko komunikazioa ere lantzen dugu: ziklo guztiak -Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa- eraikin berean egoteak jarraipena errazten du. Alegia, 0tik 18 urterako ikasketa prozesua gertutik jarraitzeko aukera eskaintzen digu”, esan du Valverdek.

Horrek guztiak, gainera, talde lana eta familia sentipena indartzen ditu Ikastola barruko kideen artean, baita herriko eragileekin ere. "Helduenak txikien gelara joateko prest daude ipuinak kontatzera; ikasle bat batzorde pedagogikoan sartu berri da, interesa duela erakutsiz eta transmisioak jarraitzen duela azalduz; Azpeitiko beste eragileekin eta eskoletakoekin harreman zuzenak ditugu... Hori guztia oso polita da", adierazi du Zinkunegik.

Etengabeko transmisioa

Valverde erretiroa hartzear da –edo berak nahiago duen bezala, erreleboa uztear da–, eta Zinkunegik hartuko du lekuko hori. Ikastolak eta Valverdek transmititutakoaren lekukotza ondorengo belaunaldiei pasatzen saiatuko da Zinkunegi.

"Niretzat oso zirraragarria da benetan sinesten duzun heziketa baten aldeko apustua egin duzunean, hori ikasleei, gurasoei eta lankideei iritsi zaiela ikustea. Gainera, Mikelen kasuan bezala, horren inguruko hausnarketa egiteko gai izan badira, ‘lan ederra egin dugu’ esatekoa da!". Familia batek bakarrik uzten dituen emozioetatik eta sentipenetatik jasotako hitzak dira Valverderenak.

Matrikulazio epea: otsailaren 13tik 24ra

Etorri gu ezagutzera!