Gutuna

Azkoitia BHIko jolastokia, erdi itxita

Azkoitia BHIko zuzendaritza 2023ko ots. 9a, 08:55

Moduluak jarri ahal izateko zimentazioa egin zuten Azkoitia BHI atarian. (Argazkiak: Azkoitia BHI)

Azkoitia BHI ikastetxeko zuzendaritzak honako gutun hau bidali du erredakziora, ikastetxearen atarian duela ia urtebete hasi zituzten lanak etenda daudelako, eta bien bitartean, jolastoki erdia burdin hesiz itxita dutelako. Ikastetxeak bizi duten egoeraren berri eman nahi izan du gutun honen bidez.

Iazko ikasturtean, 2021-22, hasi ginen aurtengo ikasturtea planifikatzen. Xabier Munibe Ikastolatik bost gela etortzea aurreikusten zen, baina ordurako, beste bi maila genituen bost gelatan banatuta. Gure ikastetxea maila bakoitzean lau gela izateko egina dago. Bagenekien leku falta izugarria izango genuela, baita Hezkuntzak ere.

Egoera horri aurre egiteko, 2022-23 ikasturterako Hezkuntza Sailak moduluak jarriko zituela agindu zigun. Obrak 2022ko udaberrian hasi ziren, eta eskola lanean zegoen bitartean, ikasleak jolastokian zebiltzan bitartean, kamioiak bertan izan genituen. Zimentazioa egin zuten.

Modulu horiek kontuan hartuta egin zuen planifikazioa ikastetxeko zuzendaritzak, baina lanak atzeratzen ari zirela eta, egun baliagarri dagoen espazioarekin moldatu behar izan du; hau da, planifikazioa aldatu behar izan zen, horrek dakartzan arazoekin eta kalteekin.

Irailean ikastetxera itzuli ginenean, ez zegoen moduluen arrastorik. Hezkuntza Sailak esan zigun eten egin zela moduluak muntatzeko enpresarekin egindako kontratua, eta berriz esleitu beharra zegoela. Gainera, zimentazioa egin zuen enpresa ezingo zuen berriro lan horiek egitera aurkeztu. Beraz, ez dakigu lanak egiteko orain hautatuko duten enpresak aurretik egindako zimentazioa erabiliko duen edo berria egin beharko duen.

Zimentazioa egin zuten langileak eta ikasleak, batera jolastokian.

Bitartean, jolastoki erdia burdin hesiz itxita dugu, zimentazioa eginda dagoelako eta arriskutsua delako hura ikasleentzat zabalik izatea. Ikasleak ezin dira jolastokira guztiak batera irten; bi ordutegi ezberdin egin behar izan ditu ikastetxeak ikasleak zikloka banatu eta bi jolas-ordu izateko. Gorputz Hezkuntzako ikasgaia emateko ere leku falta izugarria dugu. Eskola guztiak ekitaldiren bat batera egin behar badu, leku falta izugarria du.

Egoera kaskar horren aurrean, ikastetxeak ez dauka gauza handirik egiteko; telefonoz, helbide elektronikoz… galdezka aritu. Badirudi abian jarri dutela enpresa berria kontratatzeko prozesua, eta ikasturte berriari begira moduluak izango ditugula.

Baina gure ezinegona eta frustrazioa handituz doaz, eta ez dugu argirik ikusten. Egin dezakegun bakarra da gure egoeraren berri ematea.