Gari Aranbarri hautatu dute Ars Naturan egonaldi artistikoa egiteko

Julene Frantzesena 2023ko ots. 8a, 12:52
Gari Aranbarri artista. (Anartz Izagirre)

Azkoitiarrak astelehenean hasiko du sormen egonaldia Zerainen, eta horretan ariko da martxoaren 19ra arte. Landa ingurunean bizitzeak zer esan nahi duen ikertuko du Aranbarrik berrikuntza sozialaren eta praktika artistiko garaikideen bidez.

Igartubeiti baserri-museoak Gari Aranbarri sortzaile azkoitiarra hautatu du aurtengo Ars Naturan egonaldi artistikoa egiteko. Azkoitiarrak astelehenean hasiko du sormen egonaldia Zerainen (Gipuzkoa), eta horretan ariko da martxoaren 19ra arte. Landa ingurunean bizitzeak zer esan nahi duen ikertuko du Aranbarrik berrikuntza sozialaren eta praktika artistiko garaikideen bidez.

Egonaldi artistikoaren barruan, besteak beste, topaketa bat egingo du Aranbarrik Zeraingo herritarrekin; haiei esku artean duen proiektua azalduko die. Gainera, herritarrei zuzendutako tailer bat, proiektuaren pic-nic performance bat eta egonaldiko sormen prozesuaren aurkezpen bat ere egingo ditu. Azken hori Ber (topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak jardunaldien barruan egingo du martxoan, Igartubeitin.

Azkoitiarrak azaldu duenez, Ars Naturan egonaldiarekiko interesa duela lau urte hasi baina alde batera utzi behar izan zuen ikerketa gai bati berriro ekitean sortu zitzaion. "Pertsonalki ukitzen nauen gaia da. Ahozko memoriari dagokionez baliotsua dela uste dut, baita tokiko komunitatearekiko loturari dagokionez ere, eta belaunaldi guztiei dei egiten diet proiektuak denboran zeharreko izaera duelako".

Gipuzkoako landa ingurunean garatzen den Barne Begiradak proiektuaren barruan kokatzen da Ars Naturan egitasmoa, eta egonaldiaren xedea da bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketak proposatzea, landa eta hiri natura kontzeptu hartuta. Hainbat lan aurkeztu dituzte herritarrek egonaldiaren deialdira, eta jasotako lanen kalitatea azpimarratu du epaimahaiak. Halaber, Aranbarriren prestakuntza artistiko "interesgarria" aipatu du. "Gai feministetan eta quee-ean duen ibilbide espezifikoa baloratu du, baita hainbat hedabidetan istorioak sortzeko duen gaitasuna ere".

Artearen Historian graduatua da Aranbarri, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan masterra egina da. Ez da azkoitiarrak egingo duen lehen egoitza izango Zeraingoa; izan ere, BilbaoArten, Tabakaleran, LABen Elkargunean eta Azpeitiko Dinamoa sormen gunean ere aritua da. Gainera, Koldo Mitxelena kulturgunean erakusketa egina da, eta JAIren Tabakalerako ikasketa programan parte hartu eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskuratu zuen arte plastikoak ekoizteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide