Txalo Produkzioak konpainiak 'Hobe ixilik!' antzezlana taularatuko du larunbatean, Baztartxon

Andoni Elduaien 2023ko urt. 31a, 16:42
'Hobe ixilik!' antzezlaneko protagonistak dira Itziar Ituño eta Ramon Agirre. (Txalo)

Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreek Begoña Bilbaok zuzendutako lana eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:00etan. Oraindik eskuratu daitezke antzezlanerako sarrerak. Maxixatzenen zozketa ere zabalik egongo da ostegun eguerdira arte.

Larunbatean, Txalo Produkzioak konpainiak Hobe ixilik! antzezlana aurkeztuko du Baztartxo antzokian (19:00). Begoña Bilbaok zuzendutako antzezlana da larunbatean herriko antzokian ikusi ahal izango dena, eta Itziar Ituño nahiz Ramon Agirre aktoreak dira bi protagonista nagusiak. Obra Salome Lelouchena da, eta Agirre berak egokitu du euskarara.

Bikote bat da antzezlanaren protagonista, eta biak arituko dira solasean, zirika nahiz eztabaidan. Gainera, askotariko gaiak izango dituzte hizpide: gazta-tarta, patinetea, odol-pikoak, klima aldaketa, politika, Me Too mugimendua, amatasun subrogatua... Eguneroko kontuen eta gai potoloen inguruan eztabaidatuko dute. Bi lagunen arteko desadostasunak, ordea, dantza egindakoan baretuko dira.

Honela azaldu du Txalo Produkzioak konpainiak antzezlanaren muina: "Eztabaida dantzan dago, baina non eta nola eztabaidatzen den beste kontu bat da. Ez dakigu. Gizarte honen arauak konplexuak dira oso. Nork esan dezake zerbait? Noiz? Nori? Eta zer tenoretan? Areago, ustez adierazpen askatasuna nagusi den guneetan, jada zenbait gauza ezin dira aipatu ere egin. Egunero erabili ohi ditugun hitz arruntetatik hasita, galdera existentzialetaraino, eta zer esanik ez, familiarteko sekretuak baldin badira. Baina esan, dena esan behar al da? Isiltzea ez al da hobe batzuetan?". 

Antzezlanerako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 8 eurotan. Maxixatzenek, berriz, osteguneko 12:00etara arte edukiko du zabalik antzezlanerako sarreren zozketa. Honako lotura honetan eman daitezke zozketarako izena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide