Maite Lopez azkoitiarrak irabazi du 41. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa

Andoni Elduaien 2023ko urt. 31a, 12:54
Maite Lopez idazle azkoitiarra. (Arnaitz Rubio)

Bigarren saria Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak eskuratu du, eta hirugarrena Gotzon Plaza bilbotarrak. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 10ean izango da, udaletxean.

Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren 41. edizioaren saridunak eman dituzte jakitera egitasmoaren antolatzaile Azkoitiko Kultur Elkarteak eta udalak. Aurten, herrian gelditu da sari nagusia; izan ere, epaimahaiaren arabera Maite Lopez idazle azkoitiarrak idatzitako Haize Hego ipuina izan da lanik onena. Elgoibarko bizilaguna da egun Lopez; idazlea, poeta eta itzultzailea da hura. Plazaratu dituen azken lanen artean daude, besteak beste, Amatu saiakera liburua, Poetandreak literatura greko-latindarrean poesia lana eta Ibilbidea itzulpen liburua.

Bigarren saria ere herritar batek jasoko du. Hain zuzen, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak eskuratu du bigarren lanik onenaren aitortza, Zuhaitz eroriaren adaxka lanarengatik. Bai Lopezek bai Alberdik hainbatetan jaso dute Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako sariren bat. Hirugarren saria, berriz, Bilbora joan da, Gotzon Plaza bilbotarrak idatzitako Aingerutxo beltzak ipuina nabarmendu baitute postu horretarako.

Sari banaketa ekitaldia otsailaren 10ean, ostiralez, egingo dute udaletxeko bilkura areto nagusian, 19:00etan. Ekitaldia irekia izango da, eta beraz, nahi duen orok izango du hara bertaratzeko aukera. Ekitaldian, gainera, 2019-2022 urteetan sarituak izan diren Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako lanak jasotzen dituen liburua aurkeztuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide