Txikia IV.ak eta Azurmendik irabazi dute Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 29a, 10:00

Txikia IV.ak eta Azurmendik 30 minutu eta zazpi segundo behar izan dituzte sei kanaerdiko, sei 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzeko, bigarren gelditu diren Eneko Otaño beizamarrak eta Jesus Mari Mujikak baino ia bi minutu gutxiago.

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Iñaki Azurmendi nagusi izan ziren atzo arratsaldean Zestoako kiroldegiko pilotalekuan jokatu zuten Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketan. Aizkolariek aurkezpen egunean aurreratu bezala, final estua izan zen, faborito argirik gabekoa, eta emandako ikuskizunarekin gozatu egin zuten bertaratu ziren dozenaka herritarrek.

Txikia IV.ak eta Azurmendik 30 minutu eta zazpi segundo behar izan zituzten sei kanaerdiko, sei 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzeko, bigarren gelditu ziren Eneko Otaño beizamarrak eta Jesus Mari Mujikak baino ia bi minutu gutxiago. Horiek 31 minutu eta 48 segundotan bukatu zituzten lanak. Bigarren lekurako borroka estuagoa izan zen, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Arkaitz Jauregik osatutako bikotea pare-parean izan baitzuten saio guztian. Azkenean, zortzi segundo gehiago behar izan zituzten horiek, eta hirugarren lekuarekin konformatu behar izan zuten. Lanak bukatzen azkenak Ugaitz Mugertza eta Julen Larrea izan ziren, 32 minutu eta 22 segundoko denbora eginda. 

Promozio mailan, berriz, Julen Kañamares eta Julen Olanok jantzi zuten txapela, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako hamabost minutu eta erdian ebakita. Hamalau segundoko aldea atera zioten bigarren gelditu zen bikoteari, Eneko Saralegik eta Asier Pellejerok osatutakoari. Hirugarren lekua, berriz, Eloy Corchero eta Aratz Mugertzarentzat izan zen, lanak hamasei minutu eta bi segundoan bukatuta.