Juan Mari Arrizabalaga: "Erakusketa ikusi dutenak, harrituta gelditu dira"

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 28a, 11:28

Juan Mari Arrizabalagaren (Azkoitia, 1946) 44 lanek osatzen dute joan den asteburuaz geroztik Portaleburu aretoan ikusgai den erakusketa. Oraindik bertaratu ez direnek, gaur eta bihar izango dute aukera, zabalik izango baita 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Zer jarri duzu Portaleburun ikusgai?

Hemen daude azken 40 urte baino gehiagoan egindako lanak. 

Teknika desberdinak erabilita, baina marrazkia dira denak…

Margotzen hasi nintzenean, akuarelarekin hasi nintzen, baina Donostiara bizitzera joan nintzenean, marrazteari ekin nion. Gustave Doreren marrazkiak asko gustatzen zitzaizkidan, eta haren lanak kopiatzen hasi nintzen. Arrakasta izan zuten lan haiek, eta neure buruari galdetu nion: ‘Besteren lanak kopiatzeko gai baldin banaiz, zergatik ez ditut sortuko neureak?’. Sormen handia daukat, eta hasi nintzen Donostiako dorreak marrazten. Denak marraztuko nituela esan nuen, 50 bat izango zirelakoan; bada, oraindik denak ez ditut marraztu, baina dagoeneko 220 egin ditut. Gerora, Urolako tren geltoki guztien marrazkiak egin nituen, eta marrazki haiekin Elkargik egutegi bat atera zuen. Harrezkero, urtero-urtero, euskal ondare artistiko, kultural eta arkitektonikoei buruzko monografiko bat egiten dut, eta egutegi bat kaleratu. Urteotan guztiotan, izugarrizko bilduma egitea lortu dut. Eta hemen jarri ditut ibilbide guztian zehar egin ditudan marrazkietako batzuk. 

Aukeraketa egitea ederki kostatuko zitzaizun…

Ikaragarri, aita edo ama zein gehiago maite duzun erabakitzea bezain zaila izaten da hori, denak baitira nire umeak. Izango ditut 1.300 bat lan, eta 44 besterik ez ditut jarri hemen. Egia da batzuek askoz lan gehiago dutela beste batzuek baino, baina, hala ere, kosta egiten da aukeratzea. 

Eta hemen jarri dituzunen artean bakar bat aukeratu beharko bazenu, zein?

Urrategiko ermita ageri dena, Urrateregi izenekoa, hori dut maiteena. Ermita aurreko zelaian, Urrategiko amaren egun batean, opari bat eskuetan zuela hilda gelditu zen nere emaztea, eta bere omenez egin nuen marrazki hori. Teknikoki ez da lanik onena izango, baina arrazoi sentimentalengatik, horixe dut maiteena.

Gaur egun, oraindik ere, marrazten jarraitzen al duzu?

Azkenaldian gutxiago jardun dut Covidagatik eta, baina, hala ere, geldirik ez naiz egon. Liburuetarako ilustrazioak, aldizkari azalak… irudiarekin zerikusia duten gauza guztietan muturra sartuta daukat.  

Aurrez herrian erakusketarik jarritakoa al zara?

Bai, hau bosgarren aldia dela uste dut, eta, gainera, oker ez banago, Azkoitian erakusketa bat jarri zuen lehenengoa edo lehenengoetarikoa izan nintzen. Pentsa, artean aretorik ere ez zegoen herrian eta udaletxeko pleno aretoan jarri nuen erakusketa. 

Zure lanak ikusi nahi dituztenek, gaur eta bihar ere izango dute aukera. Zer esango zenieke Portaleburura joan edo ez zalantzan dabiltzan horiei?

Animatzeko eta sartu-irten bat egiteko. Etorri direnak harrituta gelditu dira, eta poz hori behintzat badaukat. Hitz onak entzutea beti da gustagarria, eta zentzu horretan, ezin naiz kexatu.