Mendiko eski irteera antolatu du Anaitasuna Mendi Bazkunak otsaileko lehen astebururako

Andoni Elduaien 2023ko urt. 26a, 08:43
Tena bailarara egindako mendiko eski irteerako argazki bat. (Anaitasuna)

Otsaileko lehen asteburuan egingo dute aurtengo lehen mendiko eski irteera. Acué eta Pico Escalar mendietara igoko dira parte hartzaileak. Izena emateko epea zabalik dago datorren asteazkenera arte Lopetegi Iturgintzan.

Anaitasuna Mendi Bazkunak mendiko eski irteera antolatu du otsaileko lehen astebururako. Pandemia tarteko, urte batzuetako hutsunea izan dute mendiko eski irteerek, baina elkarteko kideek nabarmendu dute mota horretako ibilaldiak antolatzeko "asmoa eta gogoa" duela elkarteak.

Hori horrela, otsailaren 4an, larunbatez, Okzitaniako Les Forges d'Abel auzotik abiatuko dira Acué mendira (2.258 metro), eta otsailaren 5ean, igandez, Pico Escalar mendia (2.297 metro) igoko dute Astun eski estaziotik abiatuta. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute ibilbideak aldaketak jasan ditzakeela elur edota eguraldi baldintzek eraginda.

Izena emateko epea zabalik dago Azkoitiko Lopetegi Iturgintzan; otsailaren 1era arte egongo da horretarako aukera. Anaitasuna Mendi Bazkunako bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta bazkide ez direnek, 75 euro. Prezioaren barruan sartu dituzte bidaia, afaria, gaua eta gosaria.

Mendiko eski irteeran parte hartu ahal izateko, izena emandakoek nahitaez eraman beharko dituzte ibilaldira kanproiak, pioleta, ARVA –elur-jausien biktimak erreskatatzeko aparatua–, pala eta zunda. Hala eta guztiz ere, jakinarazi dute egunean bertan materiala alokatzeko aukera izango dutela parte hartzaileek. Gainera, federatua egotea gomendagarria dela adierazi du elkarteak. "Anaitasuna Mendi Bazkuna ez da ezeren erantzule egingo", azaldu dute.

Bidaia autoetan egingo dute, orain arte egin izan duten moduan. Hain justu, otsailaren 4ko 06:00etan abiatuko dira Azkoitiko Aizkibel liburutegiaren paretik. Irteerari buruzko zalantzaren bat baldin badauka norbaitek, anaitasunamb@gmail.com helbidera idatzi dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide